Herritarrentzat energiaren inguruko doako aholkularitza zerbitzua jarriko du martxan udalak

Andrea Zipitria 2023ko urr. 20a, 14:30

Doako zerbitzua izango da, baina hitzordua izateko aurrez izena eman beharko da. Urriak 25, azaroak 8 eta 22, eta abenduak 13 eta 27 egunetan eskainiko da aholkularitza zerbitzua. Ekener enpresako aditu bat arduratuko da energiaren inguruko laguntza pertsonalizatua emateaz.

Aia herri jasangarriagoa izan dadin, beste urrats bat eman du udalak. Datozen asteetan energiaren inguruko aholkularitza-zerbitzua jarriko du martxan. Hala, herritarrek energiaren efizientziaren alorreko zalantzak argitzeko aukera izango dute.

Doako zerbitzua izango da, eta Ekener enpresako aditu bat arduratuko da energiaren inguruko laguntza pertsonalizatua emateaz ondorengo egunetan: urriak 25, azaroak 8 eta 22, eta abenduak 13 eta 27an. Egun horietan guztietan, 09:00etatik 14:00etara bitartean emango da zerbitzua, kultur etxean. Besteak beste, honako gaien inguruko aholkularitza emango du:

  • Energiaren fakturak aztertu eta aukerarik onena aholkatu
  • Eguzki-panelak instalatu nahi dituzten herritar eta enpresei aholkularitza zerbitzua eskaini
  • Etxetresna elektrikoei eta hauen kontsumoari buruzko informazioa eta aholkularitza
  • Eraginkortasun energetikoaren inguruko dirulaguntza eta zerga pizgarriak

Interesa duten herritarrek hitzordua hartzeko izena eman beharko dute aurrez. Horretarako, 943 13 11 44 zenbakira deitu beharko da. Zentzu honetan, udaletik azaldu dute zerbitzu pilotu bat dela, baina herritarrek hala eskatuz gero eta beharra izanez gero, eskaintza zabaltzea da asmoa.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide