Aiako Udalak herriko landa-lurren mugak zehazteko, eguneratzeko eta digitalizatzeko lanak abiatu zituen pasa den urtean, Gipuzkoako Foru Aldundiaren laguntzarekin. Dagoeneko amaitu dituzte lehenengo faseko, 1. eta 11. eremuetako landa lursailen mugaketak. "Guztira 179 jabeen 485 partzela landu dira. 472 mugarri eta 1.125 puntu bereizi dira, mugakideen arteko akordioen eta lursailen jasotze topografikoen bidez", zehaztu du Jon Ander Azpiroz alkateak. Hala, udaletik azaldu dutenez, bigarren fasea jarriko dute martxan.
Andatza bailarako lursailen digitalizazioa egingo dute bigarren fase honetan, eta proiektuaren inguruko azalpenak emateko, lur-jabeekin bilerak egitea da asmoa. Bihar, asteartearekin, egingo dira bi bilera. Lehena, 12:00etan, Aiako Kultur Etxean izango da. Bigarrena, berriz, egun berean, 18:00etan, Lardizabal Eskolako soinketa gelan.
Bigarren faseko lanak ere Geograma enpresak egingo ditu. 59.000 euroko kostua izango dute, baina Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza lortzea espero da; kostuaren ia erdia estaltzeko.