Rosa Corral: "Zorteko sentitzen naiz, 36 urtez Aian lan egiteko aukera izan dudalako"

Andrea Zipitria 2023ko ira. 29a, 11:35

Hiru hamarkada pasan Aiako medikua izan da Rosa Corral, joan den abuztuan erretiroa hartu zuen arte. Errioxatik (Espainia) iritsi zen Aiara, eta hasiera batean denbora gutxirako egongo zela uste bazuen ere, aiarrek paziente nahiz pertsona gisa konkistatu egin zuten, eta bertan geratu zen. 

 

Abuztuak 8 ditu. Herria San Donato eta San Lorentzo jaietan murgilduta dago. Jai giroa da nagusi kalean, baina herriko anbulatorioak ezin atsedenik hartu. Bertara sartu eta Rosa Corral medikuak ireki du atea. "Goiza nahiko korapilatsua" izan duela nabarmendu du, baina tira, 36 urtez Aiako mediku izan ondoren, egun bakarra falta zaio erretiroa hartzeko. Pozik eta triste, sentimendu kontrajarriak ditu, baina batik bat esker hitzak, Aiako herritarrentzat. Urte hauetan guztietan sendagile ikuspuntutik denetarik ikustea tokatu bazaio ere, azaldu du "aiarrak oso pertsona gogorrak, eta gaixo bezala ezin hobeak" direla. Hasieratik herritarrek "ederki tratatu" zutela nabarmendu du. Izan ere, Errioxako herri txiki batetik iritsi zen Corral Aiara mediku lanak egitera. Orduan, ez zituen herria eta hizkuntza ezagutzen, eta herritarren hizkuntza ohiturez ohartu zenean, buru-belarri hasi zen euskara ikasten. Herriaz maiteminduta, bertan hazi du familia; Ane eta Txaber, seme-alabak. Lagunak ere asko ditu herrian, ia lau hamarkadak askorako ematen baitute.   

Erraz esaten da: 36 urte Aian mediku lanetan. Nolatan erabaki zenuen, alde batetik, mediku izatea, eta, bestetik, Aiara etortzea?

Errioxako herri txiki batean jaio nintzen ni, eta betitik izan dut argi medikua izan nahi nuela. Gurasoen babesa ere beti izan nuen, eta horrek asko lagundu zidan. Izan ere, ordura arte, emakumezko medikuak oso gutxi ziren, baita ikasketak egiteko aukerak zituztenak ere. Unibertsitatera joan nintzenean gogoratzen naiz emakumeak bazirela tartean, baina ikasketak amaitu genituenak gutxi batzuk izan ginen. Askok bikotekidearekin hasi eta ikasketak utzi egiten zituzten etxeko lanetan jarduteko. 

Herri txiki batekoa izanik, ikasketak amaitzean landa eremuko medikua izan nahi nuen. Helburu horrekin, eta itsasoa asko gustatzen zitzaidala kontuan izanda, iritsi nintzen lehendabizi Zarautzera, eta gero Aiara. Egia esanda, nire asmoa ez zen denbora luzez Aian geratzea. Puntuak lortu nahi nituen, beste lekuren batera joateko, baina azkenean 36 urtez izan naiz Aiako mediku. 

Orduan, zure hasierako asmoa Aiako herrian denbora gutxi geratzea zen. Nolatan osatu dituzu ia lau hamarkada? 

Esan bezala, hasiera batean Aiara iritsi nintzen puntuak lortu eta beste lekuren batera joateko asmotan. Hasieran ez zitzaidan oso erraza egin; herria ez nuen ezagutzen, ezta hizkuntza ere. Baina segituan ohartu nintzen herritarren hizkuntza ohituren garrantziaz, eta euskara ikasten hasi nintzen. Gero eta erosoago sentitzen joan nintzen, eta benetan erlaxatu nintzenean, ohartu nintzen oso gustura nintzela Aian. 

Osasun taldeak asko lagundu zidan. Urte askotan zehar Javi Vilches herriko praktikantearekin lan egiteko aukera izan nuen. Oso ondo eramaten ginen. Paziente bat iristen zenean, askotan begiradarekin bakarrik bagenekien zer egin behar genuen. Bere kasua, nirearen antzekoa da: atzerritik iritsi zen Aiara, eta biak ala biak jarri ginen euskara ikasten. 

Hain zuzen ere, biei omenaldia egin dizue Aiako Udalak. Espero al zenuen halako zerbait? Zer sentitu zenuen? 

Bai, uztailaren 29an egin zigun Aiako Udalak omenaldia. Herritar ugari elkartu ziren bertan, eta oso pozgarria izan zen. Emozioari ezin eutsi egon nintzen hainbat unetan, pazienteak, lagunak eta familiartekoak elkartu baitzituen omenaldiak. Bertsoak, hitz politak, kantak, denetarik izan zen. Ondoren, Laurgaingo elkartera bazkaltzera gonbidatu gintuzten, a ze barreak! Opariak izan ziren tartean. Udal brigadako kideek ondo zekiten iraganeko medikuaren etxean zegoen armairu bat asko gustatzen zitzaidala. Bada, hori txukun jarri, eta oparitu egin zidaten. A ze poza nirea! Hori bai, herriko anbulatorioaren sarreran geratuko da betiko, hori baita bere lekua. Barruan sartu ditut urte hauetan guztietan pazienteek emandako opariak. 

Eta, iritsi da eguna. Bihar [abuztuak 9] bertan hartuko duzu erretiroa. Nola zaude?

Sentimendu kontrajarriak ditut. Pozik nago, eta aldi berean, triste ere bai. Zaila egiten zait pentsatzea bihar nire azken laneguna izango dela, mediku kontsultan izango naizen azken eguna. Bihar bertan entregatu behar ditut anbulatorioko giltzak. Momentu gogorra izango da hori. Bestetik, pozik ere banaiz. Urteak aurrera doaz, eta jada lehenago nekatzen naiz. Gaur, adibidez, nekatu samar nago. Goiza nahiko gogorra izan da, eta... Momentuz ezin dut imajinatu lanera joateko alarmak joko ez didanik, eta halaber, autoa hartu behar ez dudanik. Zorteko sentitzen naiz urte hauetan guztietan Aian lan egiteko aukera izanagatik. Herritarrek oso ondo zaindu naute, eta oso eskertuta nago. Herria paraje gisa ere ikaragarria da. Gaurkoz, Zarautzen bizi naiz, eta egunero autoa hartu izan dut lanerako. Pagoetako Parke Naturala zeharkatzen dut, eta beti pentsatu izan dut leku ederra dela Aia. 

Aia leku ederra dela aipatu duzu. Eta, aiarrak, zer moduzkoak dira gaixo gisa?

Oso gaixo onak dira aiarrak. Beti eskertzen dute medikuaren lana. Gainera, pertsona indartsuak dira, eta mina oso ondo aguantatzen dute. Kexa oso gutxitan izaten dute. Pentsamendu bera partekatu dugu Aiako Osasun Zentrotik igaro garen langile guztiok. Hori bai, baserriren batetik deitzen bazidan herritarren batek esanez mina zuela edo gaixorik zegoela, kasu horietan banekien azkar joan behar nuela. Hain zuzen ere, herritarren bat kexatzen bazen, benetako mina zuelako izaten baitzen. 

Bestalde, kontsultan bertan hainbatetan ezarritako ordua baino beranduago hartu behar izan ditugu pazienteak, ezin iritsi ibilita. Urte hauetan guztietan ez zait herritar bat ere kexatu horregatik, beste lekuetan gertatu ez bezala. 

Aian bizia ulertzeko beste modu bat dutela aipatu nahiko nuke. Ondo barneratuta dute bizitza bide bat dela eta, bide horretan, oztopoak daudela. Oztopo horiekin laguntzeko gaude medikuok, baina batzuetan gauza guztiak ez daude gure menpe bakarrik.

Herri handiekin alderatuta, zer berezitasun ditu herri txiki bateko mediku izateak? 

Herri handietan ez bezala, pazienteekin harreman zuzena izaten da herri txikietan. Hori asko gustatzen zait. Izatez, pazienteekin gertuko harremana izatea da familia medikuaren eginbeharretako bat. Osasun etxe handietan ahazten ari da alderdi hori, eta beharrezkoa dela iruditzen zait. Zorionez, Aian oraindik medikuntza ulertzeko modu integral hori badugu, eta hori poztekoa da. 

Familia dinamikak ere ulertu egin behar ditu mediku batek. Gaur egun, heldu diren asko txikitatik ezagutu ditut. Beste hainbeste ezagutu nituen heldu zirela, eta gaur egun adineko pertsonak dira. Prozesu hori ikustea oso aberasgarria da niretzat. 

Landa eremuko medikua izateagatik, kontsultan egoteaz gain, baserriz baserri joan behar izan ohi dut. Arrazoi ezberdinengatik etxetik atera ezin duten herritarrak bisitatzera pasatu izan ohi naiz. Arreta integrala eskaintzea oso garrantzitsua da, eta herritarrek hori eskertzen dute. 

Herri txiki bateko medikuak, baita ere, kalera atera behar du. Hau da, osasun zentroan identifikatu ezin diren egoerak identifikatzeko. Datu asko ateratzen dituzu kaletik zoazenean. Nor dabilen bakarrik, esaterako. Konturatu gabe, informazio aberasgarria lortzen da. 

Dena den, medikuntza azken urte hauetan asko aldatu da herri txikietan ere, ezta? 

Bai, iritsi berri nintzela, lehen urteetan, 24 orduz lan egin behar izaten nuen, astelehenetik igandera, eta urtean hilabete libratzen nuen oporrak hartzeko. Larrialdiren bat nuenean nire bi seme-alabak hartu eta joaten nintzen baserrietara. Ni lanean hasten nintzen, eta nire seme-alaben zaindari jartzen zen baserriko familiako kideetako bat. Oroitzapen politak dituzte Anek eta Txaberrek, bai. Uda garaia iristen zenean ere, askotan egon behar izaten zuten Javierrek eta nire seme-alabek kontsultan jolasten. Orain hori pentsaezina izango litzateke. 

Eguneko 24 ordu lan egitetik gauzak gutxika aldatzen joan ziren gero. Asteburuak libre izaten nituen. Herriaren Defendatzailea sortu zenean, kexa bat jarri nuen esanez 24 orduz egon behar nuela lanean, egunero. Arazoa segituan konpondu zidan. Hasi nintzen lanean asteburu bat bai eta hurrengoa ez. Eta gero, beti ibili gara borrokan: Zarauzko langileek ez zuten nahi Aian zaintza lanik egin, eta Oriokoak ere ez. Inork ez zuen nahi Aiara etorri. Zergatia ez dakit, ni hain pozik izan naiz… Asko borrokatu ondoren, azken urteak oso onak izan dira. 08:00etatik 15:00etara egin izan dut lan.

Lana egiteko modua ere aldatu da. Lehen liburuekin ere lan asko egiten genuen. Orain, ordea, Interneten dago dena, eta orain dela sei urteko liburuek ere ez dute balio. Hementxe ari naiz, azken egunetan, apal guztiak hustu eta liburuak zaborretara botatzen...

Horregatik, beharbada, zure seme-alabek jarraipena eman diote osasun arloari?

Bai, beharbada bai. Ane medikua da, baina ez zaio gustatzen landa eremuko medikuntza, nahiago du ospitale batean egin lan. Txaber, berriz, lehen sorospenak egiten ibiltzen da anbulantzian.

Izango duzu kontatzeko anekdotarik...

Milaka. Gogoan dut orain dela ez asko, pandemia garaian, herritar bat etorri zela kontsultara. Ebaki bat egin zuela esan zidan, baina ni ez molestatzearren berak josi zuela zauria. Hari normalarekin, noski. Pandemia garaian, baita ere, arrazoi beragatik, kapar batengatik infekzio handia zuen pertsona batek minari eutsi zion denbora luzez. Oso gogorrak dira aiarrak. 

Orain, erretiroa hartuta, Errioxara itzuliko al zara bizitzera? 

Ez, nire familia hementxe dago. Hemen ditut seme-alabak eta biloba. Denbora libre asko dudanez, dezentetan joango naiz bisitan hara, baina bizitza hemen egingo dut. 

Eta Aiara, etorriko al zara? 

Noski, tartean igoko naiz Aiara lagun eta ezagunengana. Nire bihotza Zarautzen eta Aian, bietan dago. Oso hemengoa sentitzen naiz. 

Hemendik hamar urtetara nolako Aia ikustea gustatuko litzaizuke? 

Gustatuko litzaidake herria mediku berri batekin ikustea. Mediku horrek Aian egitea bizitza, eta zoriontsu egotea bertan ni izan naizen bezala. Eta, noski, herritarrak ere berarekin gustura egotea nahiko nuke. 

Aiako herriari zerbait esan nahiko zenioke? 

Eskerrak eman nahiko nizkieke herritarrei beraien pazientzia, nortasun eta izaeragatik. Baita ni herrian onartzeagatik ere, eta maitatzeagatik. Azken finean, ni oso gazte etorri nintzen Aiara, oso esperientzia gutxirekin eta, gainera, ezin nintzen komunikatu. Hasieratik onartu ninduten herritarrek, eta orain eskerrak ematea besterik ez zait geratzen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide