'Xatorra' hasi da zulotik ateratzen

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2023ko uzt. 30a, 10:51

Aiako festa batzordeko kideak. (Andrea Zipitria)

Astebete baino ez da falta Aiako San Donato eta San Lorentzo jaiak iristeko. Guztia prest egon dadin, buru-belarri dihardu Aiako Jai Batzordeak, baina xatorra dela eta ez dela, nahiko lan dituzte. Aiako jaietako animalia da; noiztik, ez dago oso argi. Kontuak kontu, nahiko joku eman du urte hauetan. 

Arratsalde bero bat da, igerilekuan edo hondartzan egoteko moduko horietakoa, baina hala eta guztiz ere, nahitaezko bilera bat dute hitzartuta hainbat herritarrek; Aiako Jai Batzordearena, hain justu ere. Hilabete eskas geratzen da Aiako San Donato eta San Lorentzo festak izateko, eta zezena urre dabil jada; beno, zezena edo, hobeto esanda, xatorra.  

Kultur Etxeko geletako batean elkartu dira lagun kuadrilla, adinak anitzak, eta helburua bakarra: egitarauko ekitaldi eta bestelakoak ixten joatea. Aritzek hartu du bilera gidatzeko erantzukizuna. Ordenagailua atera du, eta aurreko bileran egiteke zeuden eginbeharrak gogorazten hasi da. "Gazte egunerako, kamisetak egingo ditugu, ala zapiak?", galdetu du. "Eta, diseinua, nolakoa edukiko dute? Xatorra sartu beharko da tartean". 

Horixe da, ba, misterioa. Aiako jaietako animalia xatorra omen da nonbait, baina zer dela eta? "Zer da, ba, animalia zatarra satorra", zioen batek; "esango nuke", erantzun besteak. Kontua da koska-koskan orain dela urte dezente hartu zuela erabakia jai batzordeak Aiako jaietako animalia satorra izango zela, eta gaur arte animalia horrek irudikatu dituela Aiako festak; panpin bat ere bada, urtero-urtero, festetan plazako eraikin batetik zintzilik jartzen dutena, eta baten batek edo bestek ere mozorrotu behar izan du xatorrez, festei hasiera emateko.  

Ideia ona edo txarra izan, kontua da joku asko eman duela Aiako xatorrak

Xator benenua 

Esaterako, joan den urtean sortu zuten xator benenua. Txosnatik bueltaren bat edo beste egin zuenak ondo daki zer den. "Santio Errekatik dator ideia", argitu du jai batzordeko kideetako batek. "Han astoa da bertako festetako animalia, eta edari misteriotsu bat sortu zuten. Hemen xatorrarekin ere antzeko zerbait egin nahi genuen, eta hala sortu zen pasa den urtean xator benenua". Hasiera batean, xator botika izena jartzea otu zitzaien, baina "botika sendatzen duen zerbait" da, eta irudi hori ez zuten eman nahi. Hasierako burutapen hori garatzen joan ziren nonbait, xator beneno hitzera iritsi arte. Pasa den urteko jaietan, "arrakasta izugarria" izan zuen txosnan edari horrek, "botila osoak saltzen genituen", gogorazi dute. Horregatik, ospe horri jarraipena emateko asmoz, aurten ere litroka xator beneno prestatuko dituzte, festetarako. Errezeta zein den? Bada, sukaldari famatuek bezala, orri batean dute errezetaren sekretua zehaztuta, inork jakin ez dezan.

Festen bilakaera 

Kontuak kontu, azken urte hauetan Aiako festek izan dute bilakaera, eta horren adibide da lehen aipatutako xator benenua. "Herritar gazte asko sartu da azken urteetan jai batzordean, aire berria ekarri dute", esan du jai batzordeko beteranoetako batek. Halaber, iritzi dio festak aldatu direla. Adibidez, "aldaketarik handiena izan da lehen gau bat pasatzeko kontzertu batekin nahikoa zela, baina orain, nonbait, azkartu egin da guztia, eta hiru kontzertu inguru ekarri behar izaten dira". Aldaketa gehiago ere izan da: "Lehen, festa egunak adinaren arabera zeuden jarrita; egun guztiek zuten bere etiketa. Publiko jakin batzuentzat osatzen zen bakoitzeko egitaraua. Hala, abuztuaren 6a gazteentzako eguna izaten zen, 8a umeen eguna, 9a ezkonduen eguna afaria eta guzti; eta 10a, helduen eguna". Horietako egun batzuk mantendu egin dira, baina beste batzuk galdu dira dagoeneko. 

Tartean, ordea, badira denbora pasata ere ohiturei eutsi dieten tradizioak. Horien adibide dira elizako meza, pilota partidak eta buruhandiak. Aiako buruhandiek badute berezitasun bat, gainera. Beste lekuetan ez bezala, erratza erabiltzen dute Aian. "Beste eratako puxikak eta probatu ditugu, baina erratzek bakarrik funtzionatu dute". Eskobak erosi egiten dituzte, eta ondoren, moldatu, "zurtoina moztuta". 

"Zirt-zart"

"Zirt-zart", halaxe dio Aian kantatu ohi zen abestiak. Zerikusirik, noski, ez du izango Aian txinparten bueltan festetan antolatzen ziren hainbat ekimenekin, baina tira. Kontua da, piromano samarrak izan direla iraganeko herriko festak. Kultur Etxeko mahaiaren bueltan kontakizun guztiak gogoratzen hasi dira, eta guztiek dute zerikusia suarekin eta eztandarekin. Hasi dira gogoratzen: "Haurrentzako baziren tutu antzeko tramankulu batzuk; sua eman, eta jostailuak ateratzen ziren airera. Urte askotan izan ziren horiek Aiako festetan, harrera oso ona baitzuten. Orion eskatu zizkiguten, ondoren hango festa batzuetan bota nahi zituztela eta". Aiarrek prestuki baietza eman, eta Oriora eraman zituzten ale batzuk. Han, ordea, "ez zituzten behar bezala jarri edo ez dakigu oso ondo zer gertatu zen, baina herritar askok erredurekin amaitu zuten", esan dute. Haurrentzako jostailu trakarekin gauza bera gertatu zen. "Ideia kopiatu ziguten, eta Orion, nonbait, ez zen oso ondo atera", gogoratu dute barre artean. Kontakizun xelebreak ez dira hor amaitzen. Barrez hasi da bat, honakoa kontatu aurretik: "Urte batean erabaki zen jai batzordean globoak bota behar zirela plazatik. Globo bat ekarri zen, handia benetan. Lasa artista zen halako gauzetan, eta lau egun lehenago hasi zen pentsatzen nola egin, nola jarri… dena. Kotoiaren, alkoholarekin… denetarik probatu zuen. Orduan teknikoak Ixidro eta Lasa ziren. Bezperan biei omenaldia egin zitzaien, eta plaka bana jaso zuten, urte askotan egin baitzuten isilpeko lana festetan. Hurrengo egunean atera zuten globoa plaza erdira. Herritar asko gerturatu zen, eta hesitu egin behar izan genuen eremua. Sua eman zitzaion, eta hantxe, gu esperoan eta esperoan, eta ezer gertatzen ez. Plaza erdian adarra jotzen hasi ginen denok fuera fuera egiten oihu. Mikroa hartu zuen herritar batek, eta zera esan zuen: beno, entregatu ditzatela bi hauek atzo emandako plakak". 

Txupinazoarekin ere bada beste kontakizun bat, lau haizetara zabaldu zena, gainera. Nonbait, urte askotan, txupinazoarekin ez zekiten zer egin, ez nola asmatu. "Zerbait ezberdina" egiteko beharra sentitu zuten, eta berriz ere burutapen onik ez; zirt eta zart ibiltzeko gogoa piztu zitzaien beste behin. "Bonba tankerako tramankulu handi batzuk ekarri genituen, ikaragarrizko trasteak ziren", gogoratu du batek. Festak hasteko egun batzuen faltan, txintxo-txintxo hasi ziren "probak egiten ezkutuko leku batean". Kontua da, "bonbaren metxari sua eman eta soinua ateratzen hasi zela, eta gure artean, esan genuen: aterakoek-aterakoek. Ba, kaka, ezer ez. Leherketa izugarria, baina bertan lehertu zen". Hori ikusita, ondorioztatu zuten alderantziz jarri zutela; beraz, "buelta eman eta kito", pentsatu zuten. Guztiak itxura ona zeukan, plaza erdira eramateko momentua iritsi zen arte. Orduan "segurtasun neurriak ez ziren hartzen". Plaza erdian jarri zuten bonba, eta "esan genuen: eztiu jarri behar aurrekoan bezala e". Gogoan dute Donostia telebista bertan zela jazoera garrantzitsu hura irudiz hartzeko. "Metxari sua eman, eta proba garaian bezala, soinu arraroa ateratzen hasi zen: fififififi egiten zuen, baina orduan ere eztanda bonbaren lekuan izan zen, eta kameralariari alkandora erre zitzaion". Hori bai, lortu zuten Aiako festak telebistako hainbat kanaletan ezagutaraztea.  

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide