Atzo Santio eguna ospatu zuten Azpeitian, eta jai egun horren barruan 49. Sagardo Txapelketa izan zen, Gipuzkoako 23 sagardotegitako sagardogileek parte hartuz. Aiako Izeta sagardotegiko sagardoa izan zen txapelketako onena, 133 puntu lortuta. Haren atzetik, bigarren Barkaiztegik egin zuen 130 puntu eskuratuta, eta hirugarren postuan Petritegi gelditu zen, 127 punturekin.
Izeta sagardotegiko Sebastian Iruretagoienak Nagore Alkorta Azpeitiko alkatearen eskutik jaso zituen txapela eta garaikurra. Pozik agertu zen Izeta sagardotegikoa txapela jaso ostean: "Lau urte dira Azpeitiko Sagardo Txapelketan parte hartzen hasi ginela, eta lorpen handia da txapelketa irabaztea, izen handikoa baita. Txapela jasotzeko orduan emozionatu egin naiz".