HITZ TANTAK

Libe Esnal: "Asko geratzen zait ikasteko gurasoengandik"

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 22a, 10:00

Libe Esnal Aiako igerilekuan. (Andrea Zipitria)

22 urte. Horiek daramatzate Esnal-Azpiroz familiak, udaro-udaro, Aiako igerilekua kudeatzen. Ordutik asko aldatu da igerilekua, hainbat berrikuntza izan baititu tartean. Kontakizunak ere anitz dira. Libe bi anai-arrebetako gazteena da, eta aurten, bere anaiak "bakarrik" utzi du igerilekuan. Izan ere, kanpoan dabil Manex. Haren faltan, aurtengo udan gurasoak eta Libe Esnal alaba ari dira igerilekuaz arduratzen. Karkara-ren uztaileko zenbakian argitaratutako elkarrizketa da honakoa

Zenbat urte daramatzazue zuk eta zure familiak herriko igerilekua kudeatzen?

Anaia eta biok oso txikiak ginela hasi ziren gurasoak Aiako igerilekua kudeatzen; aurtengoa 22. udara izango da.

Asko aldatu al da urte hauetan guztietan igerilekua? Nola gogoratzen duzu lehengo igerilekua? 

Urteek aurrera egin ahala, igerilekuaren itxura asko aldatu da; beharrei erantzuna emateko egokitu egin da. Azken urteetan izan dira aldaketarik handienak, igerileku txikia erabat aldatu baitzuten umeentzat dibertigarriagoa izateko. Aldi berean, bi zelaiak elkartu zituzten, eta igerilekuetarako irisgarritasuna hobetzeko aldapa berria eraiki zuten. Beraz, bai, ez da gu hasi gineneko igerileku bera.

Berrikuntzarik eskainiko al du aurten igerilekuak?

Ez, aurreko urteko egoera berean dago.

Hainbat festa eta kontzertu antolatu ohi duzue urtero. Aurten, zer? 

Oraindik ez daukagu ezer aurreikusita, baina igerilekuak dituen ezaugarriengatik, aukera ugari eskaintzen ditu edonolako ekitaldiak egiteko. Gu beti ari gara herritarrei gustatuko zaizkien egitasmoak pentsatzen, eta edozein motatako iradokizunak ere ongietorriak izango dira. 

Nondik etortzen dira bisitariak Aiako igerilekura?

Bertako jendeaz gain, gehienbat inguruko herrietatik etorri ohi dira, Oriotik edo Zarauztik. Baina azken urteetan, izurriteaz geroztik, urrutiagotik datorren jendearen gorakada egon dela esango nuke.

Egunero, eta batez ere eguraldi ona egiten duenean ehundaka pertsona izaten dira igerilekuan. Eta guztia ondo kudeatzeko lan asko egongo da atzean. Herritarrek jakin dezaten, zein dira egunero egin behar izaten dituzuen lanak?

Eguraldiaren arabera lan gehiago edo gutxiago eskatzen du igerilekuaren kudeaketak, baina egun osoan daude zereginak; goizean hasi, eta gauean amaitzen dugu. Goiz partean dena prestatzen hasten gara, igerilekuen garbiketa 11:00ak baino lehenago egin beharra dagoelako eta, aldi berean, terrazako mahaiak txukundu behar direlako; ordu berean irekitzen baitugu hori ere. Eguerdian otorduak ematen ditugu, eta jende kopuruaren arabera, lan karga aldatzen da. 20:00etan igerilekuak ixten badira ere, afariak emateko zerbitzua izaten dugu. Horiek amaitutakoan etxera joan, eta indarrak hartzen ditugu hurrengo egunerako. 

Hainbeste urte bertan, izango duzue kontakizun bitxiren bat edota anekdotaren bat, ezta?

22 urtek askorako ematen dute, eta bizipen ugari izan ditugu bertan, bai. Azken finean, nire bizitzako udara guztiak igerilekuan igaro ditut. Gogoan dut txikiak ginenean umeentzako gauza asko egiten genituela: karaokeak, Caribe-Mixek girotutako diskotekak edota eguraldi txarra zenean, zelaian sortutako lokatzezko jolasak... Igerilekua udararo etortzen den senide bat bezala ikusi dugu gure etxean, eta urte hauetan guztietan izandako oroitzapenak, mota eta kolore askotakoak dira.

Zerbait aldatuko zenuke igerilekuan? 

Azkenaldian aldaketa asko egin badira ere, beti dago hobetzeko zerbait. Jendeari igerilekurako sarrera errazteko irisgarritasunean lan egitea beharrezkoa da, eta datorren urteetan lan horiek aurrera eramatea espero dugu. 

Aukera baduzu, gurasoen erreleboa hartuko al duzu? 

Hori aurrerago pentsatu beharreko gauza da, nire gurasoak oraindik sasio betean baitaude. Asko geratzen zait ikasteko beraiengandik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide