Iturraran Parketxeak saio berezia antolatu du uda sasoirako, ilargi betearen argia aprobetxatuz Baso Bainua izeneko jarduera berezia egingo baitute Iturrarango Lorategi Botanikoan. Baso Bainua naturan murgilduz, eguneroko erritmo bizia "moteltzen laguntzen duen esperientzia sentsoriala" dela azaldu dute antolatzaileek. "Inguruari so egin eta hura laztandu, usaindu, dastatu eta entzun; bost zentzumenak eta naturako elementuak elkarrekin jolasean jarriko ditugu", zehaztu dute. Hala, parte-hartzaileek jarduera hori egiteko behar duten gauza bakarra "erritmo pausatu batean arnasa hartzea, inguruneaz gozatzea eta txunditzeko gaitasunaz oroitu nahi izatea" dela azaldu dute.
Hitzordua uztailaren 29an izango da, larunbatarekin, 21:00etan hasita, Iturraran Parketxean. Jardueraren prezioa 6 eurokoa da helduentzat eta 4 eurokoa haurrentzat. Baso Bainuaren inguruko informazio gehiago jaso edo izena eman nahi dutenek iturraran@gipuzkoanatura.eus helbidera idatzi edo 943-83 53 89 telefono zenbakira deitu dezakete.