Jaietako sexu indarkeria lantzeko prestakuntza saioa antolatu dute

Andrea Zipitria 2023ko uzt. 11a, 14:50

Aiako jaietako gauetako bat.

Aiako Udalaren ekimenez antolatu dute lehenengo aldiz jaietako sexu indarkeria lantzeko prestakuntza saioa. Bihar izango da Aiako Kultur Etxean; Sheila Malkonek gidatuko du, eta aurrez izena eman beharko da.

Aurten, lehen aldiz, sexu indarkeria jaietan gaia jorratzeko prestakuntza saioa antolatu du Aiako Udalak. Bihar izango da saioa, 18:30ean, Kultur Etxean. Aurreikuspenen arabera, hiru ordu inguru iraungo du hitzorduak, baina aldez aurretik izana ematea beharrezkoa da. Inskripzioa Kultur Etxean bertan egin behar da.

Sortzen kontsultariaren eskutik, sexu indarkeria kasuetan aditua den Sheila Malkonek gidatuko du prestakuntza. Edozein eraso egoerari aurre egiteko jarraibideak azaltzea da haren asmoa; erasoa jasanez gero edo eraso baten lekuko izanez gero jarraitu beharreko pausoak zein diren argi izateko. Era berean, jorratuko duten beste arloetako bat izango da indarkeria moduena eta motena; esparru teoriko feministaren hastapenak edota sumisio kimikoaren arriskua izango dituzte aztergai, besteak beste. 

Malkonek azaldu duenez, sexu indarkeria kasuak "ez dira jaietan bakarrik pairatzen". Hain zuzen ere, "egunero" gertatzen dira horrelako kasuak: "Egituran dago arazoa, nahiz eta jaiak hainbat ezaugarri dituen eta halako kasuetan indarkeriak indarra hartzen duen". 

Hala ere, Malkonen arabera, garrantzitsua da festen aurretik prebentzio lana egitea, herritarrek ikusi dezaten "zer den indarkeria bat, eta nola detektatzen den", baina adierazi duenez, "fokua ez da jaietara mugatu behar". 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide