Garai bateko ofizioa zena, egungo aisia

Andrea Zipitria (Gipuzkoako Hitza) 2023ko uzt. 8a, 09:03

Hainbat herritar, artxiboko irudian, Agorregiko burdinolara egindako bisita gidatu batean. (Iturrarango Parketxea)

Hirurehun burdinola izan ziren Gipuzkoan eta Bizkaian, baina hiru daude tente, eta bakarrak dauka sistema hidrauliko berezia: Aiako Agorregikoak. Bisitak egingo dituzte udan, eta burdinolaren historia eta egungo eskaintza uztartuta erreportaje hau egin du Andrea Zipitriak Gipuzkoako Hitzarako.

Gaur egun ez da batere ohikoa burdinola bat martxan ikustea. Garai batean hirurehun izatera heldu baziren ere, Gipuzkoan eta Bizkaian hiru bakarrik daude tente gaur egun. Ura da nagusi hiru horietan; urari etekinik handiena ateratzea da oinarria, baina horietatik guztietatik bakar batek du berezitasun bat: Aiako Pagoeta parkearen magalean dagoen Agorregi burdinolak.

Izan ere, azken horrek "sistema hidrauliko berezi bat" du. "Besteek ur depositu eta urtegi bana dute; Agorregikoak, ordea, bina ditu". Amaia Agote Pagoetako ingurumen hezitzaileak eman ditu xehetasun horiek. Ez da izango inguru hori askoz hobeto ezagutzen duenik. Izan ere, Agotek urteak daramatza hara joaten diren bisitariei Agorregi burdinolaren inguruko nondik norakoak azaltzen.

Aurtengo udan ere horretan jardungo du; sarriago, ordea. Udako oporraldia iristearekin batera, bisitari gehiago izaten ditu Pagoetak. Horregatik, uztailean eta irailean, larunbat, igande eta jaiegunetan egingo dituzte bisita gidatuak, irailaren 23an eta 30ean izan ezik. Abuztuan, berriz, ostegunetik igandera eskainiko dute zerbitzua, eta aste barruan tokatzen diren jaiegunetan ere izango da aukera Agorregi barrutik bisitatzeko. Burdinola bera eta errotak martxan ikusteko, bi bisita egingo dituzte egun bakoitzean; lehena, 11:15ean hasiko da, euskaraz; eta bigarrena, 12:00etan, gaztelaniaz. Doakoak izango dira guztiak.

 

Jarraitu irakurtzen Gipuzkoako Hitzaren webgunean.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide