Atzo arratsaldean eman zieten hasiera San Pedro jaiei Elkanoko bizilagunek, suziriak lehertuz eta kanpai hotsekin. Gaur eguerdian, ohiturari jarraituz, meza nagusiaren ondoren, auzokoen arteko patata tortilla lehiaketa egin dute, eta jarraian, bertaratu diren guztiak frontoiaren eta auzo elkartearen kanpoaldean elkartu dira lehiaketako tortillak eta beste zenbait pintxo dastatzeko. Ezin giro hobea sortu da, ZarautzTrik taldeak girotu duen bitartean.
Sanpedroek bihartik segi eta asteburu osoan iraungo dute, eta askotariko ekitaldiak antolatu dituzte denen gozagarri: parrillada eta bertsoak, ume jolasak, auzo afaria, herri kirolak eta musika.