Aiako ludotekak eta gaztelekuak irteera bana antolatu dute hil honetarako

Andrea Zipitria 2023ko eka. 12a, 14:30

HH2tik LH2ra arteko haurrek, Donostiako txikipark espazialera egingo dute irteera, ekainaren 22an. LH3tik aurrerako gazteek, berriz, Arcachoneko ur parkera joango dira, hilaren 28an. Bi kasuetan, izena eman beharko da hilaren 19a baino lehen, kultur etxean.

Aiako ludotekak eta Xatur gaztelekuak irteera bana antolatu dute ekainerako. Aiako ludotekako haurrak, HH2tik LH2ra artekoak, Donostiako txikipark espazialera egingo dute irteera, ekainaren 22an, ostegunarekin. Irteera ordua, 10:30ean izango da eta itzulera, berriz, 14:30ean. Autobusa, Etxetxotik abiatuko da, eta bueltako parada ere bertan egingo du.

Bestalde, Xatur gaztelekuak antolatuta, Arcachoneko ur parkera joango dira gaztetxoak, ekainaren 28an, asteazkenarekin. LH3tik aurrerako gazteek izango dute parte hartzeko aukera. Autobusa 8:30ean abiatuko da Etxetxotik, eta buelta, 19:00ak inguruan egingo dute.

Izen-ematea

Bi kasuetan, izena emateko aukera, ekainaren 19ra arte egongo da; kultur etxean eman beharko da. Donostiako txikipark espazialerako, bi euro ordaindu beharko dira. Ur parkera joateko, berriz, 1o euro.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide