Igande honetan aurreikusita zegoen Asentzio feria bertan behera gelditu da

Andrea Zipitria 2023ko mai. 17a, 09:30

Igandean honetan izatekoa zen Asentzio feria bertan behera geratu da. Aiako Udalak ohar batez jakinarazi du erabakia, azken urteetan "norabidea galdu" duela arrazoituta. Datorren urterako, "eragile ezberdinekin" bilduko da udala egun hori "indarberritzeko" helburuarekin.

Aiako Udalak ohar baten bidez jakinarazi duenez, igandean izatekoa izen Asentzio feria ez da izango. Bertan azaldu dutenez, egun honek "norabidea galdu" du azken urte hauetan, eta kontuan izanda "lehen sektorearen erakusleiho" izan behar duen azoka dela, antolakuntza lanetan diharduen taldeak "egoera aztertu" eta aurten ez egitea erabaki du.

Bere horretan ez da desagertuko azoka, izan ere, 2024 urteari begira, "sektoreko eragileekin bildu", eta "hausnarketa" bat egingo dutela zehaztu dute, azoka "indarberritzeko" asmoz.

Horregatik guztiagatik, udaletik eskerrak eman dizkie urte hauetan guztietan Asentzio feria aurrera ateratzeko lanean jardun duten herritar guztiei. 

Gipuzkoako Harri Txikien txapelketa

Goizean zehar posturik izango ez den arren, Gipuzkoako Harri Txikien harri-jasotze txapelketa jokatuko da 18:00etatik aurrera frontoian. Ondoren, 19:30etik aurrera, bertaratzen diren guztiak dantzan jartzeko helburuarekin erromeria emango dute Jon Ostolaza eta Andoni Larrañagak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide