Ireki da udalekuetan eta udako kirol ikastaroetako izen-ematea

Andrea Zipitria 2023ko mai. 14a, 11:34

Uztailaren 3tik 28ra bitartean, udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak. Maiatzak 26, ostirala, izango da izena emateko azken eguna.

Udalekuak eta kirol jarduerak antolatu ditu Aiako Udalak uda garairako. Uztailaren 3tik 28ra bitartean izango dira ekintzak, eta izena eman daiteke dagoeneko, maiatzaren 26ra bitarte kultur etxean.

Udalekuen kasuan, hamasei urte bitartekoek izango dute izena emateko aukera, eta ordutegia goizeko 10:00etatik 13:00ak artekoa izango da. Aiako bizilagunek 60 euroan eman dezakete izena, eta gainontzekoek 80 euro ordaindu beharko dituzte. Familia bereko hirugarren kideak, ordea, prezioaren erdia ordainduko du. Auzoetako haurrak udalekuetara joan daitezen, autobus zerbitzua ere eskainiko da, 20 euroren truke. Zaintza zerbitzua ere jarriko da, gutxienez hamar pertsonako taldea osatzen bada. Zerbitzu hau, 8:00etatik 10:00etara izango da.

Kirol jarduerei dagokionean, igeriketako eta teniseko ikastaroak emango dituzte. Astelehenetik ostiralera, hilabete osoan zehar, arratsaldero 45 minutuko igeriketa saioak egingo dituzte lau urtetik gorako haurrekin. Ikastaroaren prezioa 28 eurokoa da. Teniseko ikastaroa, berriz, uztaileko lehen hamabostaldian bakarrik egingo da; hau da, hamar orduko iraupena izango du. Astelehenetik ostiralera, ordubeteko saioa izango dute zazpi urtetik gorakoek. 20 euro ordaindu beharko dituzte tenisean izena eman ahal izateko.

Bi ikastarotan izena eman nahi duten haurrek, ordea, deskontua edukiko dute; 45 euroko prezioa izango dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide