Lehenengo aldiz, Ur Berri Fest jaialdia egingo dute larunbat honetan, Aiako Gazte Asanbladak antolatuta. Helburua da "herriko gazteek elkarren artean sozializatzeko aukera izatea", Naiara Iruretagoiena gazte asanbladako kideak azaldu duenez. Musika izango du ardatz egitasmoak.
Orain arte Aiako Gazte Asanbladak ekitaldi xumeagoak egin izan ditu, duela gutxi sortu baitute taldea. "Hitzaldiak, pintxo-poteak eta halako ekintzak egin izan ditugu, herriko festetan antolatzen dugun Gazte Egunaz gain". Azken horrek "ospe handia" hartu du azkenaldian, eta "tamaina handiko jaia" bilakatu da. Horregatik, herriko gazteriari zuzendutako jaialdia izango da oraingoa.
Egitarau "oparoa" prestatu dute larunbaterako. Izan ere, lau kontzertuk eta elektrotxaranga batek girotuko dute eguna: 19:30ean, JTA elektrotxarangarekin emango diote hasiera jaialdiari, eta, ondoren, 22:30etik aurrera, probalekuko oholtza hartuko dute Amiltzen, Gzr eta Manitu taldeek. Jaia luzatu nahi duenak ere izango du horretarako aukera, Xatur DJak jarraipena emango baitio festari.
"Gertutasuna" izango du oinarri Ur Berri Festek: "Inguruetako kulturari bultzada eman nahi genion, eta aukeratutako talde guztiak dira Urola Kostakoak; Zarauzkoak, Getariakoak eta Zestoakoak, hain justu ere", azaldu du Iruretagoienak.
Bizi-bizi dabil asanblada, jaialdia ez ezik, beste hamaika ideia ere badituztelako buruan. Horietako bat da Aiako Pagoeta Eguna berreskuratzearena. Datozen asteetan emango dituzte xehetasun gehiago, baina jada aurreratu dutenez, herriko guraso talde batekin elkarlanean antolatuko dute ekainaren 4a