Hasteko, nor da Aitor Arregi?
42 urte egitear dagoen aiarra naiz. Santio Errekan auzoan bizi naiz, nahiz eta Andatza jaioa izan. Langilea bat naiz, eta nire ogibidea logistikako teknikaria da; Urnietako enpresa batean egiten dut lan. Hainbat saltsetan ibiltzen den gizona naiz. Beti gustatu izan zait gustuko tokietan esku bat botatzea eta hortxe nabil.
Zer bultzatu zaizu alkategai aurkeztera?
Bada garaia Aiako EH Bildu taldean sartu nintzela. Aurreko bi agintalditan zinegotzi izan nintzen, azkenekoan agintaldia bukatu ez banuen ere. Orain, zerrenda ateratzeko garaia iritsi denean, taldean hitz egin genuen alkategai posibleen inguruan. Agian ez naiz taldeko onena izango, baina taldeko aurpegia ni izatea adostu genuen.
Nola baloratzen duzu EAJk azken agintaldian egin duen kudeaketa?
Azken lau urteotan bi taldeen arteko harremana hobetu bada ere, ikusten dugu hutsune bat dagoela udalak egiten ditu gauzak herriari helarazterakoan, ondo egindakoak nahiz gaizki egindakoak. Uste dut hori lortu behar dugula, udalak herriari azaltzea egindako hobekuntzak eta baita hobetu litezkeenak ere. Uste dut horretarako gaitasuna badugula, eta horren aldeko apustua egingo dugu.
Zein izango dira EH Bilduren proposamenak hurrengo lau urtetarako?
Lehenik eta behin, uste dugu udaletxeak aiar guztiei irekia egon behar duela. Aiako udalean batzorde bakarraren bidez lan egiten da, eta bertan erabakitzen dira hirigintza arloko gaiak, kultur ekitaldietako kontuak eta gainontzeko gai guztiak. Askotan eskatu izan dugu batzorde desberdinak eratzea eta herritarrek batzorde horietan parte hartzea, uste dugulako aiarrek erabaki guneetan tokia izan behar dutela. Aian bada auzolanerako ohitura handia eta udalak zerbaitetan parte hartzeko deialdia egiten badu herritarrek parte hartzen dute boluntario gisa, beti esku bat botatzeko prest baitaude. Horregatik, erabakiguneetan ere aiarrek parte hartzea nahi dugu.
Bestalde, gezurra badirudi ere, igerilekuari berriz ere eskua sartu behar zaiola uste dugu. Igerileku txikia berritu zen, baina ez zen aldaketarik egin aldegeletan eta tabernan. Horregatik, uste dugu igerilekuari bigarren buelta bat eman behar zaiola. Horrekin batera, kiroldegi txiki bat egitea ere beharrezkoa ikusten dugu, eskola zaharraren beheko solairua aprobetxatuz, aldagelak eta dutxak atondu eta kirola egiteko areto bat egitea, alegia.
Alkatetza lortzen baduzu zer lehentasun izango zenituzke?
Lehentasuna herritarrei entzutea izango da, iritziak eta kexak jasotzeko irekita egotea. Ez gara orojakileak, eta horregatik iruditzen zaigu ezinbestekoa dela herritarrek zein behar dituzten entzutea eta horiei erantzuna ematea. Erantzunak ez du bat-batekoa izan behar, baina erantzuna beti eman behar dela iruditzen zaigu, arrazoituz, nahiz eta esaten dena herritarraren gustukoa ez izan. Ez naiz denen gustukoa izango, baina ez daukat beste ezer eskaintzeko: lana, lana eta lana.
Zertan nabaritu dezake Aiako udalak aldaketa hori?
Gu udalean sartuko bagina nabarmenduko litzateke herritarren partaidetza: Aiarrak batzorde mahaietan sartu, herritarrekin lan egin eta horien iritzia jaso. Herritik herriarentzat lan egingo genuke.
Aiako biztanleria zahartzen ari da. Zer proposatzen duzu adineko jendearentzat?
Idealena litzateke Moja Etxearen eraikina erabilera anitzekoa izatea, eta bertan adinekoentzat zerbitzuak eskaintzea. Eraikina orain elizarena da, baina uste dut elkarlan on baten bidez iritsi gintezkeela adostasuna. Gainera, toki aproposa iruditzen zait adinekoak ondo ibiltzeko.
Herritarrak nahiko kezkatuta daude Aiako anbulatorioaren etorkizunarekin. Gai horren inguruan zerbait egiteko asmoa ba al duzu?
Eskumena Osakidetzak dauka eta berak ematen du zerbitzua, baina gai horren inguruan gabezi bat ikusi dugu aurreko udal gobernuaren partetik. Zerbitzua okertu denean, udala ez da haserretu, ez da asaldatu. Guri iruditzen zaigu udalak erakutsi behar duela haserrea Osakidetzaren aurrean, eta herritarrak mobilizatu behar badira, udaletik ere mobilizatu daitezke. Uste dut udalak argi adierazi behar diola herriari zer gertatzen ari den Osakidetzarekin, herritarren aurrean bere desadostasuna agertu eta Osakidetzak Aian zerbitzu duina eman dezan lana egin.
Zuretzat garrantzitsua da beraz Osakidetzak lehen-arreta zerbitzua bermatzea Aian.
Aia herri zabala da; anbulatorio bakarra dugu, eta pediatra astean behin igotzen da Oriotik. Nik uste dut derrigor behar duela Aiak lehen-arreta zerbitzua, eta iruditzen zaigu medikuak eta pediatrak aste guztian egon behar luketela Aian.
Gazteak mugitzen hasi dira Aian eta sortu berri da Aiako Gazte Asanblada. Nola ikusten dituzu Aiako gazteak eta zer proposamen dituzu eurentzat? Aiako gazteen galdera da: Eta etxebizitzekin zer gertatzen da?
Gazteak inkonformista izan behar du, ezin du etxean sartuta geldirik egon. Beraiek antolatzeko gaitasuna badute txalogarria iruditzen zait, eta udalak eskutik helduta joan behar du beraiekin. Aiako gazteekin gertuko udala sortu behar da eta beren kezkak elkarbanatu.
Etxebizitzen gaia drama bat da. Aian eta inguruko herrietan gazte batek etxea lortzeko dituen zailtasunak ikusten ditut eta beldurgarria iruditzen zait. Horregatik, herrian ditugun etxe hutsak identifikatu eta alokairu sozialaren aldeko apustua egin behar genuke, dena ez baita jabetza pribatuaren alde egitea. Gaur egun inork ez du ematen hipoteka bat duela 20 urte ematen zen bezala. Hortaz, alokairu soziala sustatu beharko litzateke, Etxebideren eta udalaren elkarlanarekin.
Beraz, zuek proposatzen duzuena da, batez ere, etxe huts horiek merkaturatzea da, ez etxe berri batzuk eraikitzea?
Aiak ez du etxe gehiago behar. Identifikatu behar ditugu etxe hutsak zein diren eta jabeekin hitz egin. Egoerari buelta emateko proiektua garatu behar litzateke etxe horiek alokagai jartzeko.
Kulturari dagokionez, zer proposamen duzue?
Aurreko agintaldian kultur eskaintza oso ona izan dela aitortu behar dago. Hala ere, uste dugu hutsunea badagoela, herrigunetik harago, auzoetara ez delako zabaltzen kultura hori. Auzo elkarteek antolatzen dituzte beren jarduerak, baina udalak ere Aiako agendaren barruan kaskoaz aparte auzoak ere sartu beharko lituzke. Aiako Udalak baditu baliabideak auzoetara ekintzak eramateko eta herria zabaltzeko.
Aia ez da kaskoa bakarrik. Auzo asko ditu.
Zalantzarik gabe. Aia oso herri handia da; biztanleak sakabanatuta bizi gara, eta ez gara guztiok elkar ezagutzen. Gainera, aiar askok jasotzen ditugu zerbitzuak mugakide ditugun herrietatik. Ildo hori ere lantzekoa iruditzen zait. Uste dut mugakide ditugun herriekin elkarlana egin behar dugula, aiarrek zerbitzuak txukun jaso ditzaten.
Auzoekin nola lan egingo zenuke?
Auzo desberdinetako auzotar batzuk baditugu identifikatuta, eta horiekin mahaiak sortu nahi genituzke, auzotarren beharrak eta iritziak jasotzeko.
Beste hutsunerik ikusten al duzu Aian?
Udalari dagokionez, zerbait ondo egindakoan hori azaltzeko ez dute gaitasun berezirik erakutsi, eta oker egindakoaz ez da inor jabetu. Informazioa herritarrei zabaldu behar zaiela iruditzen zait, argi, egiten dena esanez eta esaten dena eginez. Ezin du gertatu aurreko agintaldian pasa zena. Eskolak estalpe bat eskatu zion udalari eta berehala erreakzionatu beharrean gai horrekin bueltaka ibili zen; hasieran toldo bat ere jarri zuten. Horrelako eskari baten aurrean, arkitektorearekin hitz egin behar da, azkar erreakzionatu, estalpe bat jarri eta kito.
Ekonomia arloan zer proposatzen duzue?
Hemen oso polita da esatea Aia baserritik bizi dela, baina hori aspaldiko kontua da. Baserritarrak gaur egun iraun egiten du, eta horretarako udaletik esku bat bota baliteke hori egingo dugu. Bestalde, askotan ahaztu egiten zaigu Aian baditugula industriaguneak ere. Horiek beren zergak ordaintzen dituztenez, zerbitzu bat eman behar die Aiako Udalak, kasu honetan udal elkartearekin batera. Adibidez, Ubegungo industriaguneko lurra txikituta dago eta urteak dira udal elkarteak ez duela eskurik sartzen bertan. Gauza bera gertatzen da zaborraren gaiarekin.
Bukatzen joateko, EH Bilduk zer eskaintzen du gainontzeko alderdiek eskaintzen ez dutena?
Ateak ireki eta partaidetza sustatu nahi dugu. Lana eskaini dezakegu; guk lana egingo dugu, eta herritarrei eskatzen diegu gurekin batera herriaren alde lan egiteko. Aiarra esku bat botatzeko prest dago beti, eta uste dugu orain erabakiguneetan parte hartzeko garaia iritsi dela, erabakigunean herriarenak izan daitezen.
Nolako Aia gustatuko litzaizuke hemendik hamar urtera?
Zerbitzuak bermatuta dituen Aia ikusi nahi nuke. Auzo elkarteak sortzea nahi nuke. Santio Errekako auzo elkartearekin hitz egin dugu eta uste dugu bertako auzo elkarteak egoitza bat behar duela. Gustatuko litzaidake herritarrak udala gertukoa sentitzea eta herrian gauzak funtzionatzen dutela ikustea. Adibidez, bizikletaz ibiltzen naizenean, nahi nuke herriko errepideak Gipuzkoako Foru Aldundiaren bitartez ondo egotea, eta errepidea ondo egon dadin Euskal Herriko Itzulia pasa beharrik ez izatea. Herritarrek herria berea sentitzea nahi nuke eta udaleko parte sentitzea.