Aiako erregina izango da egun batez txakolina

Andrea Zipitria 2023ko mar. 31a, 16:00

Aiako Txakolin Eguna. (Aitziber Arzallus)

Txakolin eguna ospatuko dute igande honetan Aian. Getariako txakolina eta txekor haragi pintxoak dastatzeko aukera izango da plazan; eguerdian, Jai Batzordearen txozna zabalduko dute; eta arratsaldean erromeria eta herri kirolak izango dira.

Egun batez Aia bilakatu da txakolinaren plaza. Hain zuzen, igande honetan ospatuko da Aiako XIX. Txakolin eguna, udalak eta Getariako Txakolina jatorri deiturak antolatuta. “Egonkortu egin da festa” azaldu dute antolatzaileek: “hemeretzi aldiz antolatu da aurten festa, eta asko dira urtero herria egun horretan bisitatzen duten herritarrak”. Batez ere, “Urola Kostako beste herrietatik etortzen dira, baina badira tartean, lasartearrak eta donostiarrak ere”, gaienerazi dute. 

Horiek guztiek izango dute zeregina igandean egun guztian zehar Aian. Goizetik arratsaldera luzatuko da ospakizuna. 11:30ean hasiko da festa eta 14:00ak arte, Getariako txakolina dastatzeko aukera izango da herriko plazan. Hamar upategik parte hartuko dute aurten —Aizpurua, Arbela, Gaintza, K5, Katxiña, Mokoroa, Talai Berri, Txomin Etxaniz, Ulacia eta Zudugarai— eta 700 bat txakolin botila eskainiko dituzte dastatzeko, kopa lau euro ordainduta. Edana ez ezik jatekoa ere izango da. Euskal Herriko burduntzian erretako behi okelaz gozatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek. Bizkaiatik iritsitako Karlos Ibarrondo ibiliko da, ohiturei jarraiki, okela prestatzen aurreko gauean, eta igandean bertan pintxoak 1,5 euroan salduko dira. 

Behin dastaketa bukatuta, 14:00etan, Jai Batzordearen txozna zabalduko dute. Eta, Txakolin eguna aitzakia hartuta, Aristerrazutik Aiako kaskora lekualdatuko da erromeria. Izer eta Alabierrek jarriko dituzte dantzan herritarrak 18:30etik aurrera. 

Aurrez herri kirolak

Tartean kirolak izango du lekua. 17:00etan hasita, Aiako probalekua herri kirolen testigu izango baita. Alde batetik, 4 Arroa harrijasotzaile txapelketa izango da. Bertan arituko dira nor edo nor, Nerea Arruti, Lur Errekondo, Olaia Esnaola, Maddi Guesalaga, Lierni Osa, Udane Ostolaza, Aroa Sanchez, Ane Zinkunegi eta Ainitze Zumeta. Bestetik, Gipuzkoako Binakako Aizkora Txapelketa jokatuko da. Sei kirolari jardungo dira lehian, eta horien artean hiru eskualdekoak izango dira: Julen Alberdi azkoitiarra (Suharri Rodriguezen bikote), Mikel Larrañaga azpeitiarra (Iñaki Azurmendirekin bikote) eta Eneko Otaño beizamarra (Ugaitz Mugerzarekin bikote), hain zuzen ere. Bikote bakoitzak sei kana erdiko eta sei hirurogei ontzako moztu beharko ditu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide