"Azkenaldian esku-pilotak aurre hartu dio palaren modalitateari"

Andrea Zipitria 2023ko ots. 26a, 09:00

Otsaileko aldizkarian, Garazi eta Nahia Eizmendi kirolarien elkarrizketa argitaratu du KARKARAk.

Garazi eta Nahia Eizmendi ahizpak dira, baina familia lotura horretatik harago, gauza asko dituzte komunean. Batetik, biak irakasle dira: Garazi Anoetako eskolan ibiltzen da Matematika eskolak ematen besteak beste, eta Nahia bidean da, Haur Hezkuntzako praktikak egiten ari baita Usurbilen. Bestetik, afizioa partekatzen dute: palan ibiltzen dira biak. 

Nondik datorkizue palarako afizioa?

Garazi Eizmendi: Txiki-txikitan hasi ginen. Aita palan lehiatzen ibiltzen zen, eta bera hartu genuen gure eredu. 

Nahia Eizmendi: Aitaren partida guztietara joaten ginen, eta koskortu ginenean, eskola kirolean hasi ginen; hala, gaur arte. 

Gaur egun Aiako haurrak entrenatzen dituzue, eta federatuta ere bazaudete…

G.E.: Bai, hala da. Villabonako klubean gaude federatuta. Aurreko urtean Aian ibili ginen, baina entrenamenduetarako ere bi bakarrik izaten ginen, eta askotan motz geratzen ginen. Kasualitatez, beste bi neska ere Villabonako klubean hasiko zirela esan ziguten, eta guk salto hura egitea pentsatu genuen. 

N.E.: Hori da. Haurren entrenamenduei dagokienez, Garazi duela urte asko hasi zen Aiako haurrak entrenatzen, nahiz eta tartean pare bat urtetan ezin izan zuen. Ni neu, azken hiru edo lau urtetan ibili naiz. 

Palak eman dizuen momenturik onena zein izan da?

G.E.: 17-18 urte inguru nituenean. Adin tarte horretan egon nintzen nire maila onenean, eta motibazio aldetik ere hobeto nengoen. Ikasketek eta Erasmusera joateak eragin egin zidaten: garai horretan duda asko izan nituen jarraitu ala ez, baina beno, momentuz hemen jarraitzen dugu. 

N.E.: 2018a izan da nire momenturik onena. Gipuzkoako finala jokatzera heldu nintzen, bigarren mailako kategorian. Partida osoan zehar galtzen joan arren, puntu batengatik irabaztea lortu genuen, eta askotan etortzen zait burura momentu hura.

Inoiz aurkari izan al zarete?

G.E.: Bai, arraroa da pixka bat. Presio handia da niretzat. Azkenean, ahizpa zaharra izateagatik bakarrik, irabazteko beharra sentitzen dut eta... 

N.E.: Nik ondo dakit Garaziren maila nirea baino altuagoa dela. Orduan, bere aurka ezer gutxi egin dezaket.  

Lehiakortasuna alde batera utzita, jantzi al duzue txapelik batera?

G.E.: Bai, pasa den urtean Gipuzkoako bigarren mailako txapelketa irabazi genuen. 

N.E.: Aurten, momentuz ez dugu txapelik jantzi. Izan ere, lehen mailako kategorian aritzea erabaki dugu, eta egia esan, koska handi samarra da. 

Urdina ala gorria?

G.E.: Gorria, dudarik gabe. Azken finean, gorria izaten da beti faboritoen kolorea.  

N.E.: Nik ere gorriz nahiago dut jokatu, baina urdinez jokatzeak ez dit axola. 

Zein da 2023ko helburua?

G.E.: Nire helburua momentuz ez da trofeorik lortzea, palarako motibazio gehiago edukitzea baizik. Halaber, mailaz igotzen joan nahiko nuke orain arte ikasitakoari jarraipen bat emateko.  

N.E.: Bat nator Garazirekin. Aurtengo helburu nagusia maila hobetzea da. Baina, bestetik, gustatuko litzaidake federazioen arteko GRABNI txapelketan parte hartzeko aukera izatea.  

Pala kirolaren egoera nola ikusten duzue?

G.E.: Ez oso ondo. Orain esku-pilota praktikatzen hasi dira asko. Azkenaldi honetan, oihartzun handiagoa ari da edukitzen modalitate hori, eta horregatik, askok eskura jo dute. Gipuzkoa mailan oso gazte gutxik egiten dute pala kirola. Zentzu horretan, Bizkaian aurreratuago daudela esango nuke. 

N.E.: Eskola Kirolean gazte asko hasten dira palan jokatzen, baina gero, federatzeko garaia iristen denean, askok utzi egiten dute, hori da kontua.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide