Abenduaren 12an, Aiako udal brigadako eta Ur Partzuergoko langileek "objektu berezi bat" topatu zuten Aiako Arreta mendi magalean, Salekutz deritzon lekuan, ur honidura sarea berritzeko lanak egiten ari zirela. 1,5 metroko sakoneran topatu zuten objektua, eta "zerbait berezia zela begi bistakoa zenez", berehala deitu zieten Arrantzadi zientzia elkarteko kideei. Haiek segituan baieztatu zuten objektuaren berezitasuna, eta beraien esku geratu zen objektua, proba gehiago egiteko. Harrezkero, azken hiru asteotan, mugimendu ikaragarria ibili da inguru horretan, antzerako objektu gehiago azaltzea posible delakoan.
Salekutzen topatutako objektuari dagoeneko egin dizkiote C14 (Carbono 14) antzinatasun frogak, eta zientzialariek ondorioztatu dute "aurkikuntza benetan berezia" dela; halaxe aurreratu diete objektua aurkitu zuten udal brigadako eta Ur Partzuergoko langileei. Arrantzadi elkarteak oraingoz ez du publikoki ezer adierazi; izan ere, hedabideetara jo aurretik, aiarrei aurkikuntzaren berri emateko konpromisoa hartu zuen erakundeak. Albisteak sortu duen interesa ikusita, ordea, aurkikuntzaren lehen irudiak eta ikerketen ondorioak gaur bertan zabalduko dituztela jakinarazi dute. Beraz, adi egon; aurki informazio gehiago.