Euskal Herriko XXVI. Txistor Lehiaketa egin zuten atzo Donostian, San Tomas egunez, eta Aiako Txarri-Txiki enpresako txistorrak lortu zuen lehenengo saria. 500 euro eta txapela eskuratu zituen Carlos Lekubek.
Hirugarren saria ere ez zen urrutira joan, Getariako Ezkurtxerrik lortu baitzuen. Agurtzane Subijanak jaso zuen saria: 200 euro eta oroigarria.
Tarteko saria, bigarrena, Irun aldera joan zen, Embutidos Fernandez enpresara. Andres Jesus Espinalek 300 euro eta oroigarria jaso zituen ordainean.
Guztira hogeita bat harategik parte hartu dute aurtengo edizioan, tartean eskualdeko hiruk: Aiako eta Getariako sarituez gain, Zarauzko Gesalaga ere izan da txistorra lehiaketan.
2019tik egin gabe zuten lehiaketa bere ohiko formatuan, 2020an bertan behera gelditu zelako pandemiagatik, eta iaz, berriz, lehiaketa itxia egin zutelako.
2018an, esaterako, Ezkurtxerrik irabazi zuen lehiaketa, eta hurrengo urtean ezin izan zuen parte hartu, irabazi ondorengo edizioan epaimahai aritu behar izaten baita. Txarri-Txikik ere sari bat baino gehiago du lortuta lehiaketa horretan.