Ostegunean ibilgailu elektrikoei eta mugikortasun jasangarrirako aukerei buruzko tailer informatiboa egingo dute Aian, Gipuzkoako Foru Aldundiko Ingurumen eta Obra Hidraulikoetako Departamentuak eta Aiako Udalak elkarlanean antolatuta. 18:00ean hasiko da saioa, kultur etxean izango da, eta parte hartu nahi dutenek biharko —asteartea— eman beharko dute izena. Horretarako, argitu@gipuzkoa.eus helbidera idatzi dezakete edo 605 75 76 87 telefonora deitu, 09:00etatik 18:00etara bitartean.
Tailerraren helburua da informazioa ematea gizartean txertatzen eta indarra hartzen ari diren mugikortasun eredu jasangarriagoei buruz. Honako gaien inguruan arituko dira: ibilgailu elektrikoen ezaugarriak, kontsumoa, salneurriak, kargatzeko eskakizunak… Era berean, mugikortasunari lotutako beharrei buruz hausnartuko dute tailerrean, motorrik gabe mugitzeko aukerak aztertuko dituzte eta ibilgailu elektrikoak konpartitzeko dauden esperientzien berri emango dute.
Tailerra Energia Argitu programaren baitan antolatu dute, eta Gipuzkoako etxebizitzetan, merkataritzan, enpresetan… energiaren kontsumoa murrizteko, eraginkortasuna handitzeko eta energia berriztagarriak bultzatzeko tresnak eskaintzea du helburu.