Lehenik eta behin, auzotarren arteko pala txapelketako finala jokatu dute: Gotzon Iruretagoienak eta Ekaitz Lizasok osatutako bikoa izan da garaile 22-16ko emaitzarekin, Jon Aranbarri eta Roman Berlosoren aurka. Joko polita erakutsi dute, batik bat Iruretagoienak eta Aranbarrik atzeko koadroetan.
Ondoren, Joxe Ramon Iruretagoiena Izeta II.aren eskolako harri-jasotzaileen txanda izan da, eta hauek ere erakustaldi ederra eman dute harri ezberdinekin; besteak beste, Lierni Osak eta Xabat Olaizolak. Bertaratu direnek gozatu ederra hartu dute, eta gogotik txalotu dituzte kirolarien jasoaldiak.