Bi urtetik gorako etenaldiren ostean, atzo eman zioten hasiera Aristerrazuko erromeria denboraldiari, Aiako Andatza auzoan. Izer eta Alabier eta Elizagoien Ahizpak igo ziren oholtzara, eta jendetza bildu zen hitzorduan. Antolatzaileen esanetan, "denboraldiari hasiera bikaina" eman diote, eta Aristerrazuko plaza "indartsu" dagoela garbi geratu dela uste dute.
Ohiturari jarraituz, azarotik ekaineraren erdialdera, igande eta jaiegunetan izango da erromeria Aristerrazun, Aiako beste auzoetan festak direnean izan ezik. "Lehen ere hala egiten zen, auzoetako erromeriak babesteko helburuarekin; eta aurrerantzean ere hala jarraituko dugu", azaldu du Ibon Errazu Andatza erromeria elkarteko idazkariak. Horrela, denboraldiko bigarren erromeria azaroaren 27an izango da, tartean Urdanetako eta Altzolako festak direlako.
(Argazkiak: Ibon Errazu)