Hilaren bukaeran jokatuko dituzte Aiako XXV. Kintopeko Idi Probak

Aitziber Arzallus 2022ko urr. 14a, 13:20

Urriaren 28an izango da lehen jardunaldia eta urriaren 31n, laugarrena eta azkena; guztiak 21:00etan hasiko dira eta Aiako probalekuan izango dira. Hamahiru idi parek parte hartuko dute guztira; tartean, Iñaki Oliden eta Ainhoa Gabirondo oriotarren pare banak eta Maia eta Arzadun aiarren pare banak.

Hilaren bukaeran jokatuko dituzte Aiako XXV. Kintopeko Idi Probak. Urriaren 28an hasi eta 31ra, lau jardunalditan banatuko dute lehia. Saio guztiak 21:00etan hasiko dira eta Aiako probalekuan izango dira, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, Gipuzkoako Txapelketarako puntuagarria izango da Aiakoa.

Lehendabiziko jardunaldian, urriaren 28an alegia, Iñaki Oliden oriotarraren, Artola oiartzuarraren eta Lopategi billelarraren idi pareak aterako dira plazara. Hurrengo egunean, urriaren 29an, lau pare ariko dira buruz buru: Ezkioko Igeldorena, Zallako Zornotzako anaiena, Gatikako Tubillarena eta Aiako Maiarena. Hirugarren egunean, urriaren 30ean, Orioko Ainhoa Gabirondoren, Errezilgo txokolateren eta Aiako Arzadunen pareak lehiatuko dira. Eta azken jardunaldian, urriaren 31n, Jatabeko Billabasoren, Hondarribiko Igone Pagadizabalen eta Errezilgo Belamendiren idiak.

Aiako probalekuko 1.800 kiloko harriari beste 200 kilo erantsiko dizkiote; beraz, idiek 2.000 kilo ibili beharko dituzte arrastan. 1.140 kilo baino gehiago pisatzen duten idi pareei, berriz, kopuru horretatik gorako kilo bakoitzeko 1,5 kiloko gainzama ezarriko diete. Idi pare bakoitza ekinaldiaren egunean pisatuko dute, 10:00etan.

Irabazleak 1.400 euro dirutan, mantak eta trofeoa jasoko ditu; bigarrenak, 1.200 euro eta trofeoa; hirugarrenak, 1.000 euro eta trofeoa; laugarrenak, 900 euro; bosgarrenak, 800 euro; eta seigarrenak, 700 euro; zazpigarrenak, 600 euro; zortzigarrenak, 550 euro; bederatzigarrenak, 500 euro; hamargarrenak, 450 euro; eta hamaikagarrenetik aurrera, 400 euro. Lehenengo aiarrak, berriz, 200 euroko saria izango du.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide