Mikel Portularrume 'Paorra' minduta, Santurtziko zuzendaritzak berarekin izan duen jokaeragatik

Aitziber Arzallus 2022ko ira. 29a, 14:58

Astebete da aiarra Sotera traineruaren entrenatzaile kargutik kendu zutela eta orain, oharra kaleratu du bera kargugabetzeko prozesua nola joan den azaltzeko. Erabakiagatik "hondoa jota" dagoela adierazi du. Hala eta guztiz ere, nabarmendu du Santurtzin pasa duen urtebetea oso aberasgarria izan dela beretzat, eta Santurtziko herriari eta arraun taldeko hainbat kideri eskerrak eman dizkie izan duen babesagatik.

Mikel Portularrume Paorra aiara Santurtziko Sotera traineruaren entrenatzaile izan da bukatu berri den denboraldian. Joan den astean, baina, ustekabean, kargutik kendu zuten, eta, orain oharra kaleratu du bera kargugabetzeko prozesua nola izan den azaltzeko. Paorrak esan duenez, denboraldia bukatu aurretik, elkarteko zuzendaritzak behin baino gehiagotan ziurtatu zion hurrengo denboraldian ere taldea entrenatzen jarraituko zuela; azkenekoz, irailaren 7an, zuzendariarekin eta zuzendariordearekin egin zuen bileran. 

Handik gutxira, ordea, Santurtziko zuzendaritza beste entrenatzaile batzuekin hizketan ari zen zurrumurruak iritsi zitzaizkiola kontatu du, eta zuzendaritzari bilera eskatu ziola, baina ez ziotela biltzeko aukerarik eman, eta Whatsapp mezu baten bidez jakinarazi ziotela datorren denboraldirako ez dutela berearekin kontatzen.

Oharrean aitortu du erabakiagatik "hondoa jota" utzi zuela, eta hala dagoela oraindik ere. Hala eta guztiz ere, nabarmendu du Santurtzin pasa duen urtebetea oso aberasgarria izan dela beretzat, eta Santurtziko herriari eta arraun taldeko hainbat kideri eskerrak eman dizkie izan duen babesagatik.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide