Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak 'Uda Osasungarria' kanpaina hasi du

Mikel Eizagirre 2022ko uzt. 6a, 13:13

Ostiralean, uztailak 8, haurrekin jarduerak egingo dituzte Aiako kalean. "Udan ere bizimodu osasungarria izateak duen garrantziaz" ohartarazi nahi dute kanpainaren bidez. Hala, elkarteak udako oporraldian ere lanean jarraituko du.

Minbiziaren Aurka Gipuzkoan elkarteak urteroko prebentzio kanpainari hasiera eman dio. “Udako enigma osasungarria” du izenburu Gipuzkoako hainbat herritan 5 eta 13 urte bitarteko gazteekin egingo den Scape Street jarduerak.

Kanpainaren bitartez, "bizimodu osasungarria sustatzearen garrantzia" azpimarratuko diete txikienei, baita udan ere: "eguzki- erradiazioaren aurrean zaintzea", "aisialdi aktiboa bizitzea" eta "ongi hidratatzearekin batera behar bezala elikatzea".

Elkarteak espazio itxiak utzi eta kalera ateratzea erabaki du horretarako, “enigma” deszifratu nahi duten gazteen bila. Horretarako, Scape Street-a antolatu du Aiako herriko plazan  eta frontoian barrena, uztailaren 8an.

Kostaldeko zein barnealdeko beste udalerri batzuetara ere zabalduko da ekimena. "Eguzki-babes onaren aurreko erantzukizuna, elikaduran aukera osasungarriak egitearen eta bizitza aktiboa izatearen garrantzia" izango dira hizketagai. Elkarteko profesionalek eta boluntarioek herriko haur taldeekin landuko dituzte gaiok.

Datuak

Euskal Autonomia Erkidegoko biztanleriaren azken Osasun Inkestaren arabera 2 eta 17 urte bitarteko mutilen %8k eta nesken %5,7k obesitatea zuten 2017an. %25 inguruk, berriz, "gehiegizko pisua" omen zuten. Horren arabera, EAEko hiru haurretatik batek "gehiegizko pisua edo obesitatea" zuen urte hartan.

Azaleko minbiziari dagokionez, "eragin handiena duen minbizi mota" izaten jarraitzen du. Elkartearen esanetan, "bakoitzaren esku dago hori prebenitzea". Izatez, %10 handitzen ari da urteko intzidentzia, baita EAEn ere. Tumore hori, elkarteak ohartarazi duenez, "eguzki-argitik edo beltzarantzeko oheetatik datorren erradiazio ultramorearen (UV) ondorioz" agertzen da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide