Hamabost panel inguru prestatu ditu Idoia Aldai margozaleak Aiako kultur etxeko erakusketarako, "motibo zein bizipen" desberdinen lekukotza duten margolanekin. Aiarrak bere obra jendaurrera ateratzen duen lehendabiziko aldia da, eta azaldu duenez, bertan landareak eta txoriak errepikatzen diren arren, erakusketa osoak ez du gai zehatzik. Hala ere, panelak "gaika edo garaika" banatu dituela azaldu du Aldaik, hortik baitator erakusketaren izenburua.
"Margotzea eta marraztea afizioa da niretzat", dio margolari izendapena errefusatuz. Bere sorkuntzak "bilaketa pertsonalaren eta sentimenduen islada" direla uste du margozaleak. Zentzu horretan, ziur dago badagoela margolanen arteko eboluziorik: "Hain zuzen ere, nik ez nuen behin ere pentsatu erakusketa bat egitea, eta orain, animatu nautenean, margotuz geroztik ikusi gabeko lanak atera ditut, eta badakit zein unetan nengoen haiek sortzean", dio.
Sasoian sasoiko margoak
Inspirazioa bizitzako faseen arabera aldatzen delakoan dago aiarra. "Haurrak jaio zirenetik, adibidez, ez dut akuarela-mahaia zabaldu, koadernotxo batean egin dut lan". Formatu handietan akuarelaz marrazteko ohitura du, lumaz txikiagoetan, edo "eskura duenarekin" bestela. "Konfinamenduan eskura nuena nire alaben estutxea zen, esate baterako".
Ibilbidea
Azken hamabost urteotako lan anitzen aukeraketa bat izan da Aian aurkeztear dena, ez baititu egindako guztiak eskegi. Jendeak bere margolanak ikusteko "urduri" dagoela aitortu du Aldaik, "esparru intimotik at erakusten dudan lehen aldia baita". Margozaleak bere esker onak adierazi dizkie erakusketaren bultzatzaile izan den Ana Lasari eta kartelgintza lanetan aritu den Eva Arratibeli.