GI-2631 errepideko lerradura maiz konpondu beharko dela azaldu du Bide Azpiegituretako diputatuak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko eka. 16a, 13:33

Nekane Arrizabalaga, Aintzane Oiarbide eta Jon Ander Azpiroz.

Gipuzkoako Foru Aldundiko Bide Azpiegitura departamenduak azken astean esku-hartzeak egin ditu Aia eta Zarautz lotzen dituen errepideko hainbat zati konpontzeko. GI-2631 errepideko 19,2 kilometroan jarri dute arreta, behin baino gehiagotan konpondu behar izan dutelako. "Kalitate txarreko lurzoruaren gainean eraikita dago errepide zati hori eta denborarekin hondoratu egiten da", azaldu du Aintzane Oiarbide diputatuak.

Gaur goizean Aian izan dira Gipuzkoako Bide Azpiegituretako diputatu Aintzane Oiarbide eta Herri Txikietako Foru Zuzendari Jon Ander Azpiroz. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldundiak konponketa lanak egin ditu Zarautz et Aia lotzen dituen GI-2631 errepidean. Guztira, hiru esku-hartze egin dituzte, baina garrantzitsuena 19,2 kilometroan egin dutena izan da, puntu horretan hondoratu egiten baita errepidea. "Errepideko zati horrek lurzoru kulubiala du oinarrian, hau da, mendi goialdetik eroritako kalitate txarreko lurzoru zatikatuaren gainean eraikita dago. Errepidea arrokaren gainean eraikita dagoenean oinarri sendoa izan ohi du, baina zati horretan arroka 20 metroko sakoneran dago eta ondorioz errepide azpiko lurzorua ezegonkorra da eta mugimendu plastikoak izaten ditu, oso motelak. Horregatik, askotan konpondu badugu ere, denborarekin berriz ere hondoratu egiten da. Ez da arriskutsua; baina beti izango dugu arazo hori", azaldu du Oiarbidek.

Bide Azpiegituretako diputatuak adierazi du jakin badakitela aurrerantzean sarriago konpondu beharko dutela zati hori, eurite handiek eta zirkulazioaren joan-etorriak eragin zuzena dutelako bertan. "Arazoari behin betiko konponbidea emateko obra handi egin beharko litzateke, harri lubetazko kontrahormak, horma ainguratuak, pilote hesiak eta gisa horretako esku-hartzeak eginez, baina horrek kostu ekonomiko erraldoia izateaz gain, ingurumenean inpaktu handia izango luke Pagoeta Parke Naturalean. Hortaz, nekez da bideragarria". Dena dela, Oiarbidek azaldu du proiektua idazten hasiko direla konponketa integral batek zer inpaktu izango lukeen aztertzeko.

Gipuzkoako Foru Aldundiak azken astean GI-2631 errepidean egin dituzten lanek 50.000 euroko aurrekontu izan dute.

Nekane Arrizabalaga Aiako alkateak eskerrak eman dizkio Gipuzkoako Foru Aldundiari errepidea konpontzeagatik eta GI-2631 errepideko 19,2 kilometroan gertatzen dena herritarrei argi azaltzeagatik. Izan ere, aiar bat baino gehiago joan izan da udalera errepide zati hori konpontzeko eskatzera. "Guk askotan hitz egin dugu gaiaz foru aldundiarekin eta eskertzen diet Aiara etortzea azalpenak ematera".

Herri Txikietako departamendua
Jon Ander Azpiroz aiarra da Gipuzkoako Foru Aldundiko Herri Txikien departamenduko zuzendaria eta gaur bera ere herrian izan da. "Gipuzkoako Foru Aldundiak aspaldi esan zuen eraikuntzatik mantenurako trantsizioa hasi behar zuela errepideen arloan, eta eskertzen diet herri txikietako errepideak mantentzeko konpromisoa hartzeagatik. Herri txiki biziak nahi baditugu, azpiegitura onak eta zerbitzu egokiak bermatu behar ditugu. Gure lana udal txikiei laguntzea da, eta konturatu gara herri txiki hauetan auzolanerako balioa bizi-bizirik dagoela. Bizilagunek zerbait hobetu litekeela ikusten dutenean segituan udalera jotzen dute, badutelako komunitatearen alde egiteko sentimendua. Elkarlana da ardatza", adierazi du agerraldian.

Elkarlanarekin jarraituz, Azpirozek adierazi du baserri bideak konpontzeko diru-laguntzez gain beste behar batzuk ere ikusten dituztela herri txikietan. Hala, errepideak kudeatzen dituen departamenduak eta Herri Txikien departamenduak elkarlanean Bide Segurtasuna Bermatzeko diru-laguntza berria sortu dute, 2.500 biztanle baino gutxiago dituzten herrientzat. "Herri txikiek ez dituzte handiek bezain beste baliabide eta garrantzitsua iruditzen zaigu horrelako laguntza lerroak jasotzea. Esker onez hartu dute herri txikiek diru-laguntza eta oso gustura gaude elkarlanarekin" .

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide