Maiatzaren 30ean jarriko dituzte salgai Aiako igerilekuko bonuak

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2022ko mai. 27a, 14:30

Aiako igerilekua ekainaren 3tik irailaren 4ra egongo da zabalik.

Igerileku denboraldia abiatzear dira Aian, eta udalak jakinarazi du maiatzaren 30etik ekainaren 2an izango dutela herritarrek igerilekuko bonuak erosteko aukera. Aurreko urtetan bezala, aiarrek lehentasuna izango dute bonuak eskuratzeko orduan; horregatik, inguruko herrietakoentzat ekainaren 3tik aurrera jarriko dituzte salgai.

Honakoa izango da Aiako igerilekuko bonuek prezioa, adin tartearen arabera: 0-3 urte arteko haurtxoek ez dute ordaindu beharrik izango; 4-17 urte artekoen bonua 15 euro kostako da eta 18 urtetik gorakoena 30 euro. Aiako Udaletik zehaztu dute prezioa zehaztuko dela bonua egiterakoan haur edo gazteek duten adinaren arabera. Bestalde, Aiako erretiratuek, pentsiodunek edo langabeek prezioaren erdia ordainduko dute, bere egoera egiaztatzen badute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide