Bihar iluntzean, 22:00etatik aurrera, apustu leku bihurtuko da Aiako probalekua. Batetik, Manuel Zendoia Maya aiarraren idi parea; bestetik, Iker Zubillaga Igeldo ezkioarrarena. Arrastan, 1.800 kiloko harria eta 100 kiloko plaka ibiliko dituzte. Mayak Alegria eta Tubilla jarriko ditu itzain; Igeldok, bere anaia bat eta Urrutia. Eta jokoan, 4.000 euro.
Egun handiaren bezperan, urduritasuna ezkutatzea kosta egiten zaio Mayari. "Apustuaren aurreko hiruzpalau egunak erabakigarriak izaten dira", hasi da. "Asko zaindu behar izaten da idien elikadura, pisuan jaitsi egin behar izaten baitute; bestela, edozein okerrekin 20-30 kilo gehiago hartzen dituzte". Horrexek urduritzen du gehien aiarra, "ez baitaukat eskarmentu handirik mundu honetan". Gainerakoan, idiek lan ona egingo dutelakoan dago. "Nik uste, eta inguruko lagunek ere hala esaten didate, idiak ondo prestatuta daudela. Dena dela, plazara irten arte ez dago jakiterik".
60 urterekin, idi dema asko ikusia bai, baina bere idiak behin bakarrik atera izan ditu plazara Mayak. "Orain dela dozena bat urte, auzoko batek idi gazte batzuk zeuzkan, eta bazkari batean hasi zen saldu egin behar zituela eta ez zituela, eta tratua egin eta neuk erosi nizkion. Haiekin, orain dela lau edo bost urte Elgoibarren jokatu nuen apustu bat. Idiak txarrak ziren eta galdu egin nuen". Eta biharkoa izango du bigarrena apustua. "Hauek txahal txikiak zirela ekarri genituen eta orain bederatzi urte dituzte; ikusiko dugu zer moduz moldatzen diren".
Berez, iaz atera nahi zituen plazara, baina pandemiak ez zion laga. "Lehengo urtean idiek plazara ateratzeko adina bazuten, baina COVID-19a zela eta, hor gelditu zen nire asmoa". Baina hor zeukan arantza, eta beste saiakera bat egitea erabaki du. "Orain dela hilabete, Saizar sariketa baino astebete lehenago, Elgoibarren idi probak izan ziren, eta han hasi ginen hizketan". Orduan ez zuten tratua egiterik lortu. "Haiek Elgoibarren jokatzea nahiago zuten, eta nik, berriz, herrian jokatzeko kapritxoa edo ilusioa neukan". Azkenean berea egitea lortuko du, eta alde horretatik, gustura dago.
Kontrarioarengatik galdetuta, "errespetu handia" diola adierazi du Mayak. "Hura profesionala da, nire aldean asko ibilitakoa, eta ni, hasiberria. Badakit familiatik datorkiola afizioa, aita ere probalaria zuela, eta gutxi edo gehiago, bizitza guztia daramala probetan. Gurean, berriz, aitona ibiltzen omen zen, baina nik 10 urte nituenerako gure etxean traktorea zen, eta beraz, idirik ez".
Giroa berotzen
Biharko lehiak ikusminik sortu duen galdetuta, "zerbait baietz" erantzun du aiarrak. "Neu Aiako herrigunetik aparte samar bizi naiz, Urdanetan, Altzola aldera; beraz, ezin esan herrian jendea gogotsu ote dagoen ala ez. Dena dela, anaiak larunbatean baietz esan zidan, jendea ari zela apustuaz hitz egiten. Harrezkero, ez naiz inorekin egon". Parte hartzaileek jokatuko dituzten 4.000 euroez gain, horrelako apustuen bueltan diru gehiago ere jokatu ohi da normalean. Biharkoan ere izango da aukera. "Gipuzkoan hiru bat artekari ibiltzen dira horrelako apustuetan, eta badakit haiek etortzekoak direla trabesak egitera", azaldu du Mayak. Gipuzkoako Herri Kirolen Federazioak kontrolatuko du apustua, eta 10:00etan egingo dituzte pisaketak.