"San Blas opilak ere bere garaian jan behar dira, barazkiak bezala"

Aitziber Arzallus 2022ko ots. 3a, 16:50

Otsailarekin, santu izendun ospakizunak errenkadan ekartzen ditu egutegiak, negu beltzari buelta ematen ari garen seinale. Kandelaria, San Blas, Santa Ageda... eta aurki, karnabalak. Ohiturei eusteko ahalegin horretan, Aian eta Orion oraindik ere bada Santa Agenda bezperan eskean irteten den kuadrillarik. Baina inguruotan ba ote da inor San Blas opilak egiten dituenik? Bila hasi, eta baita topatu ere: Leire Albisu Iriarte (Donostia, 1967), Aiako Elkano auzoko Goiabe baserrian.

San Blas opilak egiten dituzu. Noiztik eta nolatan?
Urte batzuk badira San Blas opilak egiten hasi nintzela, eta tradizioa ez datorkit nire familiatik, senarraren familiaren aldetik baizik, eibartarra baita bera. Han, sasoi honetan oso ohikoa da San Blas opilak egin eta bedeinkatzera eramatea, eta nire amaginarrebak ere bazuen opilak egiteko ohitura. Bazuen diot, orain ez baititu egiten, nik egiten ditudalako. Seme-alaba bakoitzari ematen zion opil bana, bere erritualtxoa eginda. Are gehiago, tokatu izan zaio urte sasoi honetan Guatemalan, Argentinan edo beste lekuren batean bidaian egotea, eta zegoen lekuan zegoela, beti egiten zuen San Blas opila. Nik hari ikasi nion errezeta, eta gainean jartzen zaion txuri hori egiten Eibarko beste lagun batek erakutsi zidan.

Zein da San Blas opilen sekretua? Zeintzuk dira erabiltzen dituzun osagaiak?
Osagaiek ez dute misterio handirik, honakoak dira: gurina, irina, azukrea, arrautzak eta anis esentzia. Hori bai, guk dena ekologikoa erabiltzen dugu. Gurina Anoetako Sarobe baserriko Gregorio eta Anari erosten diegu; irina Nafarroatik ekartzen dugu, Arguedasetik, eta normalean espelta irina erabiltzen dugu; eta gero, oreari azukre beltzagoa nahasten diogu, eta gainekoa egiteko zuriagoa erabiltzen dugu, elur kolore hori emateko. Aurten, gainera, lehendabiziko aldiz glutenik gabeko opilak egin ditugu, horiek arroz irinarekin, konturatuta baikaude jende asko ari dela dietatik glutena kentzen.

Lan handia al dute?
Orea egitea nahiko sinplea da, baina prozesu guztia luze egiten da; orea egin, moztu, pisatu, forma eman, labekatu, ondoren margotu... Opil handiak eta txikiak egiten ditugu, eta txiki asko egin behar badira, beren lana izaten dute. Astean behin egiten ditugu, asteazkenetan edo igandeetan, segun eta obradorea noiz daukagun libre.

Urte guztian egiten al dituzu ala garai honetan bakarrik?
Erregeak pasata hasten gara eta martxora arte edo jarraitzen dugu, jendea nazkatzen hasten denera arte. Nik garrantzia ematen diot gauza bakoitza bere garaian egiteari. Barazkiak garaian garaikoak jaten ditugun bezala, gauza hauek ere dagokion garaian egin behar direla iruditzen zait; hala, gogoz hartzen dituzu.

Etxerako egiteaz gain, saltzeko ere egiten dituzue?
Bai, saltzen ditugu ogia saltzen dugun lekuetan; batez ere, Zarautzen, eta orain Aian ere bai, produktu ekologikoak saltzen dituzten denda berri batean.

Zer moduzko harrera izaten dute? Jendeari gustatzen al zaizkio?
Oso ondo saltzen dira; badago jendea benetan San Blas opilen zalea dena, eta haiek zain-zain egoten dira.

Inguruotan San Blas opilak egiteko ohiturarik bazenik-edo entzun izan diozu norbaiti?
Egia esan ez dakit inguruotan sekula ohiturarik izan den, baina San Blas ermitak leku askotan daude; hemen, Elkanon, badago bat, eta uste dut Zarautzen ere badagoela beste bat. Nik badut ohitura San Blas egunaren bueltan auzokoei opil bana emateko, eta badakit baten batek igandera arte itxoiten duela bedeinkatzeko eta jateko. Ez diodana sekula galdetu da bedeinkatzearen kontu hori nola egiten duen, mezetara eramatea nahikoa izaten den edo apaizak bedeinkatzen duen.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide