Andatza, duatloiaren plaza izateko prest

Aitziber Arzallus 2021ko urr. 22a, 15:03

Gaizka Iruretagoiena eta Egoitz Etxeberria, Aiako Andatza auzoko plazan. (Aitziber Arzallus)

Urriaren 30ean mendi duatloia egingo dute estreinakoz Aian; zehazki, Andatza auzoan. Aurrelanik gehienak bukatuta, eguna iristeko gogoz daude antolatzaileak. Nabarmendu dute proba aproposa dela gutxi ibilitakoentzat.

Asteazken arratsaldea da, eta bero egiten du Andatzako plazan. Aita-alaba batzuk jolasean, ez dabil beste inor. Berehala azaldu da Gaizka Iruretagoiena (Andatza, Aia, 1999), eta handik minutu gutxira etorri da Egoitz Etxeberria (Getaria, 1984), alaba txikiarekin. Aspaldiko lagunak ez dira, baina azken asteetan denbora dezente pasatu dute elkarrekin, eta tokatu zaie lan pixka bat egitea ere, ez delako broma mendi duatloi proba bat txukun antolatzea. Urriaren 30ean Aian lehendabiziko aldiz egingo dutenaren antolakuntzan dabiltz biak, beste bi lagunekin batera. Hain zuzen ere, Andatza izango da duatloiaren plaza, hango plazan hasiko eta bukatuko baita proba, eta lasterketan zehar ere parte hartzaileak lau edo bost aldiz pasatuko baitira plazatik.

Biak ala biak kirolariak dira, baina Iruretagoienarentzat berria da mendi duatloien mundua, eta Aiakoa izango da parte hartuko duen lehendabizikoa. Etxeberriak, aldiz, badu horrelako probetan parte hartzeko joera, badu ibilbidea, eta probaren bat antolatzen ere ibilitakoa da. "Aspalditik ezagutzen ditut Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuitua antolatzen ibiltzen direnak, eta beti jardun izan zaizkit gure inguruan probaren bat antolatzera bultzatzen". Getarian saiakera egin zutela esan du, pare bat urtean antolatu zutela, baina utzi egin zutela.

Arantza hor gelditu zitzaion, ordea, eta ezin burutik kendu beste saiakera bat egiteko ideia. "Aiako bazterrak ezagutzen ditut eta paregabeak iruditu izan zaizkit beti, baina lan horietan bakarrik hasteak atzera botatzen ninduen". Halaxe, lagun bati kontatu zion buruan zerabilen ideia, Gorka Agirreurreta andatzarrari; hark Arkaitz Iruretagoienari; eta hark Gaizkari. Horrelaxe osatu zuten laukotea.

Mendi duatloi proba antolatu egingo zutela erabakita, abuztu bukaera aldera ekin zioten lanari. "Ibilbidea nondik nora egin begiratzen hasi ginen aurrena, eta egia esateko uste nuena baino buruhauste gehiago eman dizkigu horrek, mendian geroz eta sasi eta zikin gehiago baitago bideak oztopatzen", aitortu du Gaizkak. Denetarik egin behar izan dutela kontatu du, eta horien artean, bideak garbitzea ere egokitu zaiela.

Auzoaren indarra

Probarako astebete pasatxoren faltan, aurrelanik gehienak eginda dituzte dagoeneko, baina egunean bertan izango da zereginik. Orain artekoak laurek egin dituzten arren, egunean bertan jende gehiagoren laguntza beharko dute, eta horretarako, hasita gaude boluntario sarea osatzen. "Gure asmoa da hamabost bat laguneko taldea osatzea, ahal bada auzoko jendearekin", esan du Etxeberriak; "ikus dadila auzoaren indarra". Hain justu, gaur probaren egunean laguntzeko prest leudeken auzotarrekin bilera egitekoak dira. Aiako Udalak proba antolatzeko eman dien laguntza ekonomikoa ere ezinbestekoa izan dela nabarmendu dute.

Probaren ezaugarrietan sartuta, "erdibideko gogortasuna" duela esan dute. "Igotzeko aukera bakarra zegoen, eta Zarateko Bentatik izango da hori", azaldu du getariarrak. "Egia da aldapa nahiko gogorra dela, baina gero jaitsiera oso politak daude. Ibilbidea ez da batera arriskutsua eta ezta teknikoa ere", zehaztu du. "Hori da, jendea ez dadila beldurtu, aparteko abileziarik eduki beharrik ez dagoelako", gaineratu du Gaizkak. Asko ibiltzen ez den jendearentzat proba oso egokia izan daitekeela nabarmendu du Etxeberriak. "Badaude karrera oso teknikoak, asko ibili gabe daudenak gaizki pasatzeko modukoak; hau ez da horietakoa". Gaizkak bere burua jarri du adibidetzat: "Ni bizikletan nahikoa trakets ibiltzen naiz, baina guk prestatu dugun ibilbidea arazorik gabe bukatzeko kapaz izan naiz; beraz, jendea lasai etor dadila".

Proba 15:30ean abiatuko da Andatzako plazatik. Aurrena, bi kilometroko ibilbide bati bi buelta korrika eman beharko dizkiote parte hartzaileek. Plazan bizikleta hartu eta hamar kilometroko ibilbide bati bi itzuli eman beharko dizkiote gero. Eta bukatzeko, beste korrika saio bat. "Polita izango da; lasterketan zehar plazatik lau edo bost aldiz pasatuko gara parte hartzaileak, eta horrek saltsa sortuko du", Etxeberriaren ustetan. Banaka edo errelebotan bikoteka parte hartzeko aukera egongo da, eta izena eman nahi dutenek kirolprobak.com atarian dute horretarako aukera, bezperara arte. Dena dela, egunean bertan izena ematea ere egongo da. Aurtengoa ondo ateratzen bada, jarraipena emateko prest leudeke antolatzaileak.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide