Ehun urte aiarren zerbitzura

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2021ko api. 14a, 10:15

2016an lekuz aldatu zuten arte, 95 urtean zehar Gozategi Plazan egon zen Alkartasuna Kooperatibako denda. (Lur Alkartasuna Kooperatibak utzitakoa)

Aiako Lur Alkartasuna Kooperatibak ehun urte bete ditu aurten, eta urteurren borobila ospatu nahi dute bazkideek, proiektuan parte hartu duten guztiek egindako lana aitortzeko. 

Herriko historiaren lekuko eta herritarren bidelagun izan da azken mendean Aiako Lur Alkartasuna Kooperatiba. Mende bat bete du aurten, eta urte hauetan guztietan proiektuan sinetsi duten herritarrek egindako lana aitortu nahi dute mendeurrenean bazkideek.

Gaur egun 210 familia inguruk osatzen dute kooperatiba, eta Aia bezalako herri txiki batentzat ez da kopuru makala. «Herri osoaren kooperatiba da, eta kanpotik Aiara bizitzera etortzen diren bizilagun berriak ere ari dira pixkanaka bazkide egiten. Hori albiste pozgarria da guretzat, kooperatibak herrian eskaintzen duen zerbitzua garrantzitsua dela adierazten baitu», azaldu du Teodoro Zuloaga Lur Alkartasuna Kooperatibako lehendakariak.

Helburu bera
1921ean sortu zen Alkartasuna Kooperatiba, herritarrei oinarrizko lehengaiak eskaintzeko asmoarekin. Errepublika garaian herriko alkate izan zen Gabino Alustiza izan zen sustatzaileetako bat. «Duela ehun urte sortu zenean, gaur egungo helburu bera zuen kooperatibak: oinarrizko janari, arropa, pentsu eta lan tresnak herrian bertan erosteko aukera ematea aiarrei, kanpora joaten ibili gabe. Herri txikia da Aia, ez dago beste dendarik; horregatik, denetik eskaintzeko sortu zen».

Zuloagak uste du kooperatibak ehun urtean zehar eutsi diola hasierako helburuari, eta garai berrietara egokitzeko «etengabeko ahalegina» egiten ari dela, gainera. «Gurea ez da ohiko janari denda. Aian denok ezagutzen dugu elkar eta harreman estu horri eusten saiatzen gara. Hemen norbaitek zerbait berezia behar badu, eskatu besterik ez du egin behar eta ahal den azkarren ekartzen saiatzen gara. Badugu konpromisoa beharra dutenei laguntzeko: ordaindu ezin dutenei aurrerago ordaintzeko aukera ematen diegu eta etxera erosketak eraman ezin badituzte, guk geuk eramaten dizkiegu».

Aiarren ondoan
Koronabirusaren izurriteak sortutako ezohiko egoerak kooperatibak herrian egiten duen lana agerian uzteko balio izan duela uste du Zuloagak. «Jende askorentzat irtenbidea izan zen kooperatiba itxialdi garaian, eta bezero kopuruan eta salmentetan gorakada handia izan genuen», aitortu du.

Herritar askok eskerrak eman dizkiete egiten duten lanagatik, baina, kooperatibako lehendakariak adierazi du, oraindik, badela jendea ez dena konturatzen herrian horrelako denda izatearen garrantziaz. «Herri batek oinarrizko zerbitzuak behar ditu bizirik mantentzeko. Herri txiki batentzat ez dut esango luxua denik horrelako zerbitzu bat izatea, merezi dugulako, baina guztiz beharrezkoa da herriari bizirik eusteko».

Beste ehun urte
Hamarkadaz hamarkada herritarren ohiturak aldatzen joan dira, eta zerbitzu berriak eskaintzen ere hasi da kooperatiba. «Gaur egun, esaterako, internetez erosteko gero eta ohitura handiagoa dago, eta paketeak dendan edo biltegian jasotzeko aukera ematen diegu aiarrei, askotan etxeetan ez delako inor egoten».

Etorkizunari begira, Zuloagak uste du herritarren beharretara egokitzen jarraitzea eta zerbitzua eta langileak mantentzea izango direla Lur Alkartasuna Kooperatibaren erronka. «Gustatuko litzaiguke dendan izan dugun salmenta gorakadari eustea. Horrez gain, Lur biltegian zerbitzua handitu nahi genuke eta gasolindegian gasolina saltzen hasi, orain gasolioa bakarrik saltzen dugu eta». Erronkak erronka, Lur Alkartasuna Kooperatiba beste ehun edo berrehun urtez bizi-bizirik izatea espero du Zuloagak, «bestela herriarentzat galera ikaragarria izango baita».

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide