Euskaraldia 2020

Herri txiki, erronka handi

Karkara 2020ko aza. 24a, 09:00

Euskaraldiko batzordeak martxan dira Aia bezalako herri txikietan, eta Aldo Aldai boluntarioak azaldu du zer erronka dituzten, herri euskaldunetan ere bai baitago zeregina. Getariako boluntario batek ere eman du bere iritzia

Euskaraldiko batzordeetako Aiako boluntarioa da Aldo Aldai, eta Getariakoa, berriz, Eneritz Manterola. Bi herrietan martxa onean doaz Euskaraldirako izen-emateak, baina herri mailan ikusten dituzte hobetzeko alderdiak, itxura batera herri oso euskaldunak diren arren.

Aian Euskaraldi honetara begira sortu da aurreneko aldiz boluntarioen batzordea. Pasa den urtea bukatu aurretik hasi ziren biltzen, hasieran jende dezente, eta orain dozena erdi batek jarraitu dute. “Talde anitza da”, eta pozik da zentzu horretan Aldo Aldai Aiako batzordeko kidea. Getarian, berriz, hamarreko taldea ari da Euskaraldiari bultzada ematen, Eneritz Manterola batzordeko kideak azaldu duenez.  “Denok emakumeak”, azpimarratu nahi izan du.

Erronkez hitz egiteko gogoz

Batzordeak egiten ari diren lana azaldu baino, Aldaik eta Manterolak nahiago dute azpimarratu herri txiki eta euskaldunak izan arren berenak, badagoela zer egina euskararen egoera hobetzeko. Aldaik argi du: “Uste dut Euskaraldian parte hartzeak aitzakia bat izan behar duela geure buruei, ingurukoei eta, batez ere, Euskaraldian parte hartzen ari direnei esateko Aian ere badugula erronka bat, zer pentsatua edo zeri erantzun. Begi bistakoa da ez garela irla bat, eta gurera ere erdara sartzen ari dela erraztasun handiarekin, are gehiago azken urteetan kanpotik jende asko etortzen ari delako eta zenbait erdaldunak direlako, eta horrek ere bere eragina badauka. Badaukagu kokatu beharra, kontziente izan beharra arazo bat badugula, erabilera jaisten ari dela eremu batzuetan, eta zerbait egin beharko genukeela. Hausnartu nola gauden eta norantz jo behar dugun, eta hori eragileekin konpartitu eta, batez ere, udalarekin”.

Horregatik, nahi luke Aldaik Euskaraldia pasatakoan talde iraunkor batek lanean jarraitzea Aian.

Manterolak ere ikusten du hausnartu beharra Getarian. “Herri oso euskalduna da Getaria, baina, nire ustez behintzat, gaztetxo asko ikusten da kalean gaztelaniaz hizketan, eta sekulako belarriko mina eta pena ematen dit neuri. Hor badago zer egina. Uste dut batzuek sentitzen dutela titulu bat gehiago daukatela erdaraz ari badira. Bestalde, denok egin dugu askotan erdarara jo kuadrillan edo taldean bakar batek ez badaki euskaraz, eta atzerritarrak etorri izanak areagotu egin du hori. Akats hori egiten dugu, eta horregatik ere entzuten da gehiago gaztelania kalean”.

Herrian denak euskaldunak izanda ere egongo litzateke zer hobetua, ordea, Manterolarentzat. “Uda sasoian kanpotar pila bat etortzen da, eta orduan ere erdarara jotzen da. Badugu zer ikasia, eta Euskaraldiak ere balio du hausnartzeko, gogoeta egiteko, zer dagoen hobetzeko ikusarazteko. Adibidez, nik lehen Euskaltelera deitzen nuenean, lehen hitza euskaraz egiten nuen,baina gaztelaniaz jarraitzen bazuen besteak, neuk ere aldatu egiten nuen hizkuntza. Orain ez, ikasi dut euskaraz hitz egiten jarraitzen, besteak ulertzen badit”.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide