Duela hiru hamarkada, sortu nintzenean, mundua handiagoa zen. Dena zegoen zegokion lekuan.
Bilbo herdoila zen, zikina eta garabiz betea eta Zarautz erdia bidetxur batek lotutako baratzeak. Argazki kamerekin ateratzen genituen argazkiak eta zinemak bostehun pezeta balio zuen. Kaligrafia ona izatea ezinbestekoa zen gure etorkizunerako eta EAJk gobernatzen zuen Jaurlaritzan.
Pandemiak kolpetik jarri gaitu XXI. mendean. Bi hilabetean hamarkada bat egin dugu aurrera. Herrestan eraman ditu gure zaharrak, eta haiekin pentsakera, ohitura eta bizimodu baten azken kondarrak. Ia dena aldatu da, baina, EAJk dagokion lekuan jarraitzen du. Eta nago, irauteko ez duela Manex Mantxolak asteazkenean orrialdeotara ekarri zituen Khrustxoven eskutitzen beharrik izan. Nahikoa izan duela dena lekuz kanpo dagoen mundu txiki honetan, XX. mendeari lotzen gaituen hari xinglea izatearekin.
Sareetako oihanean egunero irakurri dezakegu EAJk zeinen gaizki egiten dituen gauzak. Zaldibarren zeinen gaizki kudeatu zuen dena. Osakidetzako afera, koronabirusarena, EiTB eta nahi duzun guztia. Denaren errua egozten zaie jeltzaleei, baina ahobiko labana da erruarena. Egiten duenak baino ezin baitezake errua izan eta egiten duenarena baita beti meritua ere.
Ezein proiekturen sinesgarritasunari ez dio batere mesederik egiten etengabe jeltzaleen gabezia eta maluren inguruan aritzeak, norbere bertute, proposamen eta proiektuak azaldu beharrean.
Horrenbeste jendek bozkatu badie, akaso —deituidazu inozo— gauzak horren gaizki egiten ez dituztelako izango da. Edo hori, edo okerragoa dena, jendeak ez duelako sinesten inork gauzak hobeto egin ditzakeenik.