Iturraran Parketxeak ibilbide berezia antolatu du ostiralerako, Pagoeta Natur Parkean barrena. Izan ere, basoan bizi diren animaliak ezagutzeko aukera eskainiko du, horien arrastoak jarraituz. 11:00etan parketxean emango diote hasiera bi orduko ibilbideari, eta zailtasunik gabeko irteera dela azaldu dute antolatzaileek. Gainera, COVID-19arengandik babesteko neurriak hartuko dituztela ere zehaztu dute; besteak beste, talde txikitan ibiliko dira basoan, segurtasun tartea mantenduz, eta beharrezkoa den kasuetan maskara jantzita eraman beharko dute parte hartzaileek.
Plaza mugatuak ditu txangoak, eta bertan parte hartu nahi dutenek 943 83 53 89 telefono zenbakira deitu edo iturrara@gipuzkoanatura.eus posta elektronikora idatzi behar dute. Ibilaldiak bost euroko prezioa izango du helduentzat eta hiru eurokoa 5-12 urte bitarteko haurrentzat.