Izagirrek esan zuen herriz herri ibiliko dela EH Bildu mezu bera errepikatzen: herritarrak joan daitezela uztailaren 12an botoa ematera. "Jende askori entzun diot esanez hauteskundeetarako ez daukala gorputza, edo lanarekin nahiko arazo baduela, edo oporretara doala. Nik eskatzen diet herritarrei uzteko alde batera sentsazio horiek, edo alferkeria, eta joan daitezela botoa ematera, oraingo honetan oso garrantzitsua delako". Bestalde, kritikatu zuen EAJk hiru hilabete daramatzala "kanpaina egiten, medio guztietan ateraz egunero, eta kanpaina horren barruan daude inkesta guztiak ere, non esaten duten EAJk arrakasta izugarria izango duela". EH Bilduk "argi" du, ordea, horrek erakusten duela "ez daudela oso eroso, badituztela beren beldurrak, eta eman nahi duten irudia dela hemen ez dagoela borrokarik, erraz irabaziko dituztela hauteskundeak, eta jendea ez dadila molestatu bozkatzera joatera". Donostiako alkate ohiaren ustez "sekula baino indar eta konbentzimendu handiagoarekin joan behar da uztailaren 12an botoa ematera".
Ideia hori nabarmendu nahi izan zuen: "Gure jendeak herriz herri urte osoan zehar lan handia egiten du alor askotan, baina egun horretan gauza sinple bat egin behar du: bozkatzera joan. Etxean, lagunartean, lantokian... jendea konbentzitu behar dugu bozkatzera joan dadin". Zergatik? "Uste dugulako momentu hau giltzarria dela mahai gainean jartzeko herri bat kudeatzeko eta gizarte bat eraikitzeko bi modelo desberdin daudela: bata da betikoa, eta betikoek egingo dutena, eta da nahiz eta normaltasun berria deitu, oso modelo zaharkitua. Eta horretan, garbi dago fiskalitate aldetik berdin jarraitzea dela asmoa, aberatsenek berdin ordainduz eta langileei ahalik gehien kenduz. Zerbitzu publikoak pribatizatzen jarraituko dute, murrizketak egongo dira, ingurumena ez da lehentasuna izango, baizik negozioak, etab. etab. Hori bozkatu nahi dutenek badakite zer bozkatu behar duten".
Abstentzioaren kontra ere gogor egin zuen Izagirrek: "Une honetan abstenitzea da gauzek berdin jarraitzea nahi izatea. Egun hauetan entzuten ari naiz abstentzio aktiboa hitza, eta hori da EAJri uztea beste lau urtez bere politikak egiten".
Horren aurrean, EH Bilduk zer eskaintzen duen azaldu zuen: "Hilabete hauetan askotan entzun ditugu ideologikoki gurekiko gertukoak diren diskurtsoak, eta uste dut momentua dela horren aldeko apustua egiteko: ingurumena errespetatu behar dela, zaintzak eta osasungintzak publikoa behar dutela izan, kontsumismo basatiarekin amaitu behar dela, erritmoak jaitsi behar direla, gizakia gelditu denean naturak arnasgunea izan duela... Horiek guztiak mahai gainean egon dira, eta entzun diren diskurtso horiek guztiak gauzatu ahal izateko, balkoietan entzundako txalo horiek guztiak gauzatu ahal izateko garaia da orain, urrats garrantzitsua emanez, hau da, uztailaren 12an EH Bildu bozkatuta".
Izagirrek iritzi zion COVID-19 birusa ez dela gaitz handiena, "sistema kapitalista baizik", eta "COVID-19aren aurka zoritxarrez oraindik txertorik ez dagoen arren, sistema kapitalistaren aurka badago, sistema injustu horren aurka badago, eta txerto bat, orain, Euskal Herrian, deitzen da EH Bildu".