Arnasa Gara dinamika aurkeztuko dute gaur Aian

Karkara 2019ko abe. 13a, 12:30

'Kartzela' serieko irudi bat. (Hiru Damatxo)

19:00etan izango da aurkezpen ekitaldia, Aiako kultur etxean. 'Kartzela' serieko bi kapitulu ikusteko aukera izango dute bertaratzen direnek, eta jatekoa ere eskainiko dute. Horren aurretik, 17:00etan, Gabonetako zuhaitza jarriko dute herrigunean.

Jardueraz betetako arratsaldea biziko dute gaur Aian. 17:00etan Gabonetako zuhaitza jarriko dute plazan, eta bertaratzera dei egin du Aiako Udalak. Zuhaitza apaindu ahalko dute herrigunera bertaratzen diren herritarrek.

Gero, 19:00etan, Arnasa Gara dinamika aurkeztuko dute Aiako kultur etxean. "Arnasgune" modura ezagunak diren udalerri euskaldunek "euskararentzat duten garrantzia" nabarmentzeko asmoz jarri dute martxan ekimena, UEMAren, Eusko Jaurlaritzaren eta beste hainbat erakunderen eskutik. Besteak beste, euskara sustatzen jarraitzea eta "arnasguneetako" herritarrak "ahalduntzea" dute helburu, eta tokian toki proiektua aurkezten ari dira dagoeneko. Tartean, Aian egingo dute aurkezpena.

Udalak azaldu duenez, Aroa Fernandezek beteko ditu gaur aurkezle lanak. Bertan izango dira Arnasa Gara kanpainaren harira EITBk eta Hiru Damatxok sortutako Kartzela seriean parte hartu duten bi aktore ere. Gainera, serieko bi kapitulu emango dituzte gaur kultur etxean, ekitaldiaren barruan. Amaitzean, jatekoa eskainiko dute.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide