Irailarekin iritsiko da Euskal Herriko V. Sagardo Txapelketa Herrikoia, eta Aiako bi sagardotegik parte hartuko dute lehian: Satxotak eta Izetak. Aurtengo edizioan lau finalaurreko egingo dituzte, eta ondoren finala. Guztira, 41 sagardotegi izango dira V. Sagardo Txapelketan.
Lehen kanporaketa, Adunakoa, hilaren 13an izango da; bigarrena, Lizartzakoa, irailaren 14an; hirugarrena, Oriokoa, irailaren 20an; eta laugarrena eta azkena, Zornotzakoa, hilaren 21ean. Finala, berriz, Ergobian (Astigarraga) izango da, irailaren 28an.
Herritarrek finalaurreko horietan epaimahai lanak egin ahal izango dituzte; izan ere, afaritara joaten diren herritarrek sagardoak dastatzeko eta horiei puntuazioa emateko aukera izango dute. Dagoeneko salgai daude finalaurrekoetarako eta finalerako txartelak, 26 euroren eta 32 euroren trukean, hurrenez hurren. Informazio gehiago, honako lotura honetan eskura daiteke.