Uda sasoirako hamaika ekimen antolatu dituzte Pagoeta naturgunean

Karkara 2019ko uzt. 4a, 11:35

Pagoeta natur parkea ulertu eta bertako lanbideak ezagutzeko aukera aproposa eskainiko dute udan

Udan zehar burdinola hidraulikoa eta irin errotak martxan izango dira Pagoeta Natur Parkean; gainera, erleen sekretuak bertatik bertara ezagutzeko aukera izango da, baita 6.000 landare ezberdin biltzen dituen Lorategi Botanikoan barrena paseatzeko ere; horrez gain, orientazio zirkuituak, mendi ibilaldiak, astronomia gaua eta beste hainbat ekimen antolatu ditu Iturraran parketxeak uda sasoirako.

Agorregiko burdinola eta errotak
Laurgain jaurerriko burdinola da Agorregi, eta horren inguruko lehen datuak XVI. mendekoak dira. Inguruko burdinola nagusia zen, eta bertan lortutako budina, burdinola txikietara eramaten zuten lantzeko. Bertako errotetan berriz, gari edo arto alea xehatzen zen, irina lortzen zen. Hala ere, Agorregiren berezitasuna uraren aprobetxamendurako sistema da. XVIII. mendean egindako zaharberritze lanetan antepara edo ur-deposituak altuera ezberdinetan mailakatu zituzten, ur berdina behin eta berriz erabiltzeko aukera lortuz eta ur arazoak konponduz.  

Agorregi burdinola eta errotak martxan ikusi ahal izango dira uztailean eta irailean larunbatetan, igandetan eta jai egunetan, eta abuztuan ostegunetik igandera bitartean.

Erleen sekretuak
Udako asteburu eta jai egun guztietan, 13:00etan hasita, bisita gidatuak egingo dituzte Iturrarango erletegi didaktikoan. Bertan parte hartzeko aldez aurretik izena eman behar da. Helduek 3,5 euro ordaindu beharko dute bertan parte hartzeko, eta haurrek 2,5 euro. Ordubeteko saioak izango dira.  

Lorategi botanikoa
Iturrarango Lorategi Botanikoak mundu osoko sei mila espezie baino gehiago biltzen ditu, eta bertan hiru orientazio zirkuitu iraunkor dituzte. "Bost kontinenteetan galduz eta bidaiatuz jolasean orientatzen ikasteko aukera paregabea eskaintzen du Iturrarango Lorategi Botanikoak", azaldu dute arduradunek.

Astronomia Gaua
Abuztuaren 10ean egingo dute Izar Malkotan astronomia gaua Iturraranen, 21:30ean hasita. Ekimenaren inguruko informazio zehaztua nahi dutenek, 
 iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbidera idatzi edo 943 83 53 89 telefono zenbakira deitu dezakete. Aipatutako gainontzeko ekimenen inguruko informazioa ere horietan eskuratu daiteke.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide