2019ko udal hauteskundeak

"Udaletxeko ateak parez pare ireki, eta herritarren eta udalaren arteko zubiak sortu nahi ditugu"

Karkara 2019ko mai. 17a, 16:00

Hogeita hamar urtetan suhiltzailea izan da Iñaki Telleria azkoitiarra, eta erretiratu zenean Aian bizitzea erabaki zuen. Aiako EH Bilduko zerrendaburua izango da hilaren 26ko udal hauteskundeetan, eta udaleko martxa aldatzea du helburu.

Zer dela-eta erabaki duzu EH Bilduko alkategai aurkeztea?
Aiara etorri nintzenean oso abegikor hartu ninduten eta harreman polita dut aiarrekin. Alkategai aurkeztea proposatu zidaten eta erronka onartu egin dut; denbora dut; Euskal Herria eta euskara maite ditut; Aia maite dut bertako herritar sentitzen naizelako, eta ulertu dut herriak zer arazo dituen. Uste dut badaudela bideak horiei irtenbidea emateko. Aitortu behar dut zenbaitek ez dutela argi ikusten kanpoko alkatea izatea. Dena dela, niri asko gustatzen zait historia, eta jakin nuen 1545ean, Aia Sayaz herribilduaren parte zenean, Francisco de Idiakez azkoitiarra izan zela alkatea. Anekdotak alde batera utzita, bizitzan zehar hainbat herritan bizi eta lan egitea tokatu zait eta uste dut eskarmentu horrek aberastu egin nauela, eta ikuspegi zabalagoa izateko balio izan dit gainera. 

Horrez gain, taldea ere nabarmendu nahiko nuke, herriko gai desberdinak jorratzeko talde lana ezinbestekoa baita. Talde sakona da EH Bilduk osatu duena; herria sentitzen duena, euskalduna eta gizarte mailako arazoekin konprometitua. 

Nola baloratzen du EH Bilduk azken agintaldia?
EAJren udal gobernua iraganean ainguratuta ikusten dugu. Azken lau urtetan alkate berria izan dugun arren, aurrekoaren jarrera eta balio antzekoa izaten jarraitzen du udal gobernuak. Oso agintaldi gorabeheratsua izan da. Taldeko kideek aipatu dute Amezti etxearen auzian bakarrik sentitu direla, eta indar eta energia handia gastatu dute gai horrekin, agian herriko beste zenbait arazo alde batera utzita.

Zein hutsune ikusten dituzue herrian?
Uste dugu obrak bukatzen direnean ez direla behar diren ikuskapenak egiten. Hainbat eraikinek kalteak dituzte: saskibaloi kantxan errebote metrakilatoek denbora daramate puskatuta, herriguneko eta Elkano auzoko pilotalekuek itoginak dituzte, eta kultur etxera aterki batekin sartzea osasunez ondo dagoenari nekeza egin ohi zaio, pentsa daiteke gurpildun aulkian sartzea zer den. Bestetik, segurtasun arloan ere hainbat hutsune identifikatu ditugu taldean: Ardi Jolasetik gertu haurrak begiralekuaren azpira sartzea oztopatzen zuen itxitura gaizki itxita egon da denbora luzez, eta konpontzeko eskatu behar izan dugu. Handik metro gutxira, oinezkoak igarotzeko pasabide bat dago, baina alboko maldaren desnibelak ez du araudia betetzen eta gurpildun aulkiak behetik gora eror daitezke eremu horretan. Mota horretako hutsune ugari antzematen ditugu herrian.

Aiako Udalak norabide aldaketa bat behar duela uste al duzue EH Bildutik?
Guk ez dugu boterea nahi, guk udaleko martxa aldatu nahi dugu. Ezkerreko alderdia gara, eta herritar guztien ahotsa izan nahi dugu; horretarako herritarren eta udalaren arteko zubiak sortu nahi ditugu, udaletxeko ateak parez pare irekiz.  Aurretik aipatu ditudan hutsune asko konponduta egongo lirateke udalak herritarrak entzungo balitu. Ez dugu ahaztu behar, herritarrok udaleko ordezkariak aukeratzen ditugula herriko gaiak kudeatzeko, ez lau urtetan nahi dutena egiteko. Gainera, jakin badakigu, inor ez dela egia osoaren jabe, eta ikuspuntu desberdinek proiektuak aberasten dituztela argi dugu.  Adibidez, mugikortasun arazoak dituen lagun batek herriko hirigintza beharren inguruan gainontzekook ez dugun ikuspuntua izango du; horregatik, guztiz baliagarria iruditzen zaigu pertsona horren iritzia kontutan hartzea.

Ildo horretan, udal barruan lan egiteko modua ere aldatu egin behar da. Proiektuak elkarlanean jorratu nahi badira, ez da bidezkoa txostenak udalbatzarra baino bi egun lehenago entregatzea beste alderdiari, ez baitu ekarpenak egiteko aukerarik ematen.

Alkatetza lortzen baduzue zein izango dira EH Bilduren lehentasunak?
Gure helburua ez da proiektu ikusgarriak bultzatzea, herritarren beharrak asetzeari eman nahi diogu garrantzia. Askotan agintariek aipatzen dute herri txikietan gordetzen direla Euskal Herriaren sustraiak, ondarea, hizkuntza edota usadioak, baina herri txikietako bizimodua gero eta zailagoa eta garestiagoa bihurtzen ari da. Aian, esaterako, etxebizitzen alokairua ez da batere merkea, eta horri garraio gastuak gehitu behar zaizkio. Egoera horretan, mila euro irabazten dituen gazteentzat, banatutako lagun batentzat edo pentsio txikia duen adineko pertsona batentzat oso zaila da Aian bizitzea. Horregatik, guk alokairuaren aldeko apustua garbia egiten dugu, eta garrantzitsua iruditzen zaigu diru-laguntza lerroak sortzea herritarrek herrian bertan etxebizitza alokatu dezaten.

Bestalde, herriko garraio publikoak ere aldaketa sakona behar duela uste dugu. Ordutegiak ez daude herritarren beharretara egokituta, eta hori konpondu beharra dago. Horretarako, lehenik eta behin garraio publikoaren inguruko galdeketa egin nahiko genuke. Gure helburua da Urola Kostako garraiobide publikoekin lotura zuzena duen autobus zerbitzua izatea; garai bateko Landabusen antzekoa, baina eguneratua. Bestetik, zenbait herri txikitan martxan dauden diruz lagundutako taxi zerbitzu berezia ere jarri nahi dugu; horrek autobus zerbitzuak dituen hutsuneak beteko bailituzke.

Aurreko bi ardatzen osagarri, herria biziberritu nahi dugu. Jai egun berezietan giro aparta izaten da Aian, baina egunerokoan ere herritarren mugimendu sentitu nahi dugu, eta horretarako aiarrei  bizimodua erraztu behar diegu. Herriaz hitz egiterakoan ez dugu herrigunea soilik kontutan hartzen, auzoetan ere eragin nahi baitugu. Ildo horretan, uste dugu, gauza txikiekin auzotarren bizi kalitatea asko hobetu daiteke.

Gizarte gaietan ere norabide aldaketa behar al du herriak?
Bai, gizarte arloan ere urratsak egin nahi ditugu, larrialdi egoera bizi duten herritarrei lagunduz edo gizarte gaiak jorratzeko ekimenak antolatuz. Arlo horretan, hainbat neurri lantzen ari gara. Besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriari dagokionez, EH Bildutik IBIan biktimentzako hobariak ezartzea proposatu genuen, baina denbora aitzakiatzat jarrita ez zuen onartu udal gobernuak.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide