2019ko udal hauteskundeak

“Herritarrengandik gertu egoten saiatu naiz beti”

Karkara 2019ko mai. 17a, 17:00

Bigarren aldiz Aiako EAJren zerrendaburua izango da Nekane Arrizabalaga maiatzaren 26ko udal hauteskundeetan, eta gogoz eta ilusioz beteta heldu dio erronkari. Azken lau urtetan alkate gisa bizitako esperientzia eta etorkizuneko helburuak izan ditu hizpide aiarrak.

Bigarrenez Aiako EAJko zerrendaburu aurkeztu zara. Zerk bultzatu zaitu horretara?
Hasierako ilusioa bizi-bizirik dut, eta agintaldi berrian herriaren alde lanean jarraitzeko gogoz nago.Herrigintza egiten dugu guk, herritarren ongizatea baita gure helburu nagusia. Bide horretan, oso lagun onak izan ditut azken lau urtetan, eta babestuta sentitu naiz uneoro. Horrek lanean jarraitzeko eta proiektu berriak sortzeko gogoa eta indarra eman dizkit.

Zer moduzkoa izan da udalbatza osatzen duzuen alderdion harremana agintaldian zehar?
Udal Gobernuan beti jarrera eraikitzailea izan dugu, udalbatza osatzen dugun alderdiok elkar ulertzea izan baita gure helburua. Argi izan dugu, alderdion arteko elkarlana garrantzitsua dela herriaren garapenerako. Dena dela, zenbaitetan ez da posible izan elkarlana, EH Bilduko zinegotzi batzuk oztopo ugari jarri baitituzte bidean, eta hainbat gai politika egiteko erabili dituzte. Maila politikoan kritika egitea bidezkoa iruditzen zait, baina inongo argudiorik gabe epaitegira bide penaletik joatea pertsonen kontra joatea dela uste dut. Liskar egoera hori gogorra izan da guretzat. Kooperatiba eta eskola berriaren gaia da horren adibide. Hala ere, argi utzi nahi dut, epaileak ez duela gaizki egindakorik atzeman Kooperatibaren auzian; are gehiago, zehaztu du, truke horri esker eskola berria egitea lortu dela herrian udala zorpetu gabe.

Guk ez dugu judizializatzen den politikan sinesten. Herrigintza oinarri duen politika ereduan sinesten dugu, eta hori frogatu dugu une zailetan. EH Bildu liskarra sortzen saiatu arren, ez gara beren jokoan sartu. Bik ez dute eztabaidatzen, batek nahi ez badu.

Agintaldi berrian udal taldeen arteko harremana hobetzea nahi al duzu?Guretzat elkarlana oso garrantzitsua da, eta herriaren onerako udalbatza osatzen dugun bi taldeon harremana hobetzea gustatuko litzaidake. Dena dela, datozen lau urtetan zer jarrera izango duen galdetu beharko zaio EH Bilduri, elkarlanerako prest dauden edo orain arteko bidea jarraituko ote dute. Ildo horretan, garrantzitsua iruditzen zait hauteskunde kanpainan ere zintzotasunez eta garbi jokatzea, aurkari politikoak errespetatuz eta norberaren proiektuak azpimarratuz.  

Zer nabarmenduko zenuke zure kudeaketatik?
Agintaldiaren lehen zatian eskola berriko proiektuan buru-belarri murgildu ginen, herriarentzat ezinbestekoa zela sinesten genuelako. Inbertsio garrantzitsua izan zen eskola udalarentzat, eta agintaldiaren bigarren zatian proiektu apalagoak garatu ditugu. Adibidez, Ardi jolasa edo dema plazako proiektua. Horrez gain, gaztedi arloan ere lan handia egin dugu. Gazteak herriarekin oso identifikatuta sentitzen dira egun eta eragile garrantzitsu bihurtu dira Aian antolatzen ditugun ekimenetan. Apalak izan gara eta lan asko egin dugu zalaparta handirik atera gabe.

Horrez gain, herritarrengandik gertu egoten ere saiatu naiz. Dena dela, jakin badakit, beti ez dela posible herritarrei nahiko luketen erantzuna ematea. Izan ere, udalaren eskumenak mugatuak dira, zenbait gai administrazioen artean jorratu behar ditugu, eta prozesu horrek ez du beti eskatzailearen erritmo bera edukitzen, eta batzuetan luzatu egiten dira gaiak. Hala ere, gu herritarren beharrei erantzunak emateko gaude.

Agintaldi berrian zein izango dira zure lehentasunak?
Igerilekuan berritze lanak egitea da gure proiekturik garrantzitsuena. Garai berrietara egokitu eta gune erakargarria sortu nahi dugu herritarrentzat eta bisitarientzat. Izan ere, herriko nortasuna galdu gabe herri erakargarria izan nahi dugu, eta igerileku berritua turismo eskaintza osatzeko baliagarria izango dela uste dugu.

Bestetik, Lardizabal Eskolako eraikin zaharra eraberritu egin nahi dugu. Gure asmoa beheko solairuan gimnasio bat eta adineko pertsonek jarduerak egiteko aretoa sortzea da. Horrez gain, herrian musika ikasteko toki egokirik ez dugunez, eskola zaharreko lehen solairuan horretarako egokitutako gelak egin nahi ditugu.

Hirugarren erronka, kaskoko etxebizitza zaharrak eraberritzeko lerroa sustatzea da, modu horretan gazteen etxebizitza beharrari irtenbidea eman nahi diogu, herriko gazteek herrian bizitzeko aukera izan dezaten.   

Pasa berri den agintaldian garrantzi berezia eman diezu auzoei. Dinamika horrekin jarraitzeko asmoa al duzu?
Pozik gaude auzoetan egin dugun lanarekin. Herria denok gara, kaskoak eta auzoek osatzen baitugu Aia. Azken lau urtetan proiektu garrantzitsuak egin ditugu auzoetan, Andatzako auzo elkartea eta erabilera anitzeko aretoa dira horren adibide. Udalak parte-hartze prozesua egin zuen auzotarren beharrak ezagutzeko. Proiektua auzotarrengandik sortu zen; Andatzako auzotarrek proiektuan sinesten zuten eta beraiek izan dira bultzatu dutenak, udala bidelagun dutela. Proiektu bikaina egin dugu elkarlanean. Hurrengo agintaldian ere orain arteko dinamikarekin jarraitu nahi dugu. Herritarren, auzotarren eta udalaren arteko elkarlanean sinesten baitugu EAJn

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide