Igandean izango da Aiako Txakolin Eguna

Karkara 2019ko api. 10a, 09:00

Jatorrizko deiturako 15 upategik parte hartuko dute Aiako Txakolin Egunean. Euskal Okela eta Aiako Agerreburu eta Lokate baserrietako gazta dastatzeko aukera ere izango da.

Igande honetan, apirilak 14, Txakolin Eguna izango da Aian. Getariako Txakolina dastatzeko aukera izango dute bertaratzen direnek; eta antolatzaileek iragarri dutenez, jatorrizko deiturako 15 upategik parte hartuko dute ekimenean, Gipuzkoako eskualde desberdinetakoak guztiak.

11:30ean emango diote hasiera dastaketari, Aiako plazan, eta 4 euro balioko du txakolin kopa bakoitzak. Bestalde, jatekoa ere izango da Txakolin Egunean. Bi txahal erreko dituzte burruntzian; hain zuzen, Karlos Ibarrondok erreko du gero jan ahalko den Euskal Okela, urtero bezala. Billabonako (Gipuzkoa) Musturienea harategiko eta Zizurkilgo (Gipuzkoa) Joxean harategiko kideak izango dira Ibarrondoren laguntzaileak, eta 1'50 euroan salduko dute haragi pintxo bakoitza.

Gazta jateko aukera ere izango da igandean; izan ere, Aiako Agerreburu eta Lokate baserrietako gazta postuak jarriko dituzte plazan.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide