Aiako lore exotikoak

Andrea Zipitria 2019ko mar. 31a, 18:00

Andrea Zipitriak, KARKARAren 404. zenbakirako idatzitako iritzi testua.

Aiako Landare Berezien Azoka aipatzean, txikitako oroitzapenak etortzen zaizkit burura, eta denak oso onak. Gogoratzen naiz txiki-txikitatik asteburu horretan Aiako hainbat ume — 15 bat haur— eta, panderoa eta trikitia hartuta, autobusean jaisten ginela azokara. Han ibiltzen ginen egun osoan, kantari eta panderoa zein trikitia joaz, giroa alaitzeko asmotan.

Landare Berezien Azokako arduradunak oso ondo tratatzen gintuzten, eta guk ere primeran pasatzen genuen, izan ere, abesteaz eta trikitia jotzeaz gain, antolatzaileek bazkaltzeko ematen ziguten han bertan.

Zertxobait koskortu ginenean ginenean, 12-14 urterekin, oinez joan ohi ginen Aiatik Iturraranerantz, Agorregiko bidetik barrena
Ezin ahaztu gurasoek ematen ziguten aste-sariarekin oinez azokara joan, talo bat jan eta ondoren diru apur horrekin gurasoei landare bat —normalean kaktus bat aukeratzen genuen — eramaten geniela etxera. A ze oroitzapen ederrak!

Aiako Landare Berezien Azoka jendea erakartzeko festa polita iruditzen zait . Gainera, Aian ditugun era guztietako altxorrak erakusteko ekimen aproposa da. Munduko landare ugari ikusi daitezke; ezbairik gabe, jende asko erakartzen du Iturrarango azokak.

Gainera, azken urtetan, Iturraranen ez ezik, Aiako erdigunean ere hainbat postu jarri izan dira, bisitariei herrian bertan landareak erosteko aukera emateko.

Aiako herriarentzat urteko ezinbesteko hitzordu bihurtu da; ikusi ditut azken urteotan makina bat turista, Frantziatik edota Nafarroatik etorri direnak. Askok errepikatu egiten dute, eta honezkero beren egutegian data hau markatuta dute.
Aurten ere itzela izango da!

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide