Eskuragarri da Aiako Ardi Jolasaren mahai-jokoa

Karkara 2019ko mar. 18a, 17:29

Jokoak gaurko, atzoko eta antzinako Aiako pertsonaiak eta gertakizunak, eta herriko auzoak biltzen ditu.

 

Aiako Udalak pasa den udan Ardi Jolasa izeneko jolas erraldoia jarri zuen dema-plazaren sabaian, eta orain mahai-joko formatuan argitaratu du. Aiako Ardi Jolasa herritarren artean ezaguna den Antzara Jokoaren antzekoa da, baina herrira ekarri dute jokoa, eta antzaren ordez ardiak dira protagonista. Jokoak gaurko, atzoko eta antzinako Aiako pertsonaiak eta gertakizunak, eta herriko auzoak biltzen ditu.

Aiako alkate Nekane Arrizabalagaren esanetan, Aiako Ardi Jolasaren helburua da, modu atseginean herriko historia eta ondarea azaltzea; "eta mahai-jokoak familia giroan herria ezagutzeko aukera emango die aiarrei eta bisitariei", nabarmendu du. Izan ere, jokoarekin batera liburuxka bat argitaratu du Aiako Udalak, eta bertan laukitxo bakoitzean zer irudikatu nahi den azaltzen da. 

Antzinatik gaur eguneraino 
Eneko Sanz historialariak egin du Aiako Ardi Jolasa osatzeko dokumentazio lana. "Horretarako, Aiako Udaleko agiritegiko dokumentuak eta hainbat ikerlarik egindako lanak aztertu ditugu, Aiarekin zerikusia izan duten pertsonaia garrantzitsuak ezagutzeko". Bertan agertzen da esaterako, Fermin Gilisagasti XVIII. mendeko ainguragile famatua. "Horrek garaiko ontzigintzaren teknologia hobetzea lortu zuen, Herbehereetan espiontza lanak eginda; bertan erabiltzen zituzten teknikak kopiatu eta bere burdinoletan landu baitzituen". Gilisagastik mundua zeharkatu bazuen ere, Aiarekin harreman estua izan zuen beti, eta herrian bertan badago Gilisagastiren etxea bezala ezagutzen dena; "oraindik antzeman daiteke oso etxe noblea izan zela bere gaian".

Bestalde, Aiako Ardi Jolasean garrantzi handia eman diote 2008tik Gizateriaren Ondare den Altxerriko kobazuloari ere. "Altxerrin aurkitu zen labarretako artea berezia da bere aniztasunagatik. Normalean inguruko haitzuloetan bisonteak eta oreinak aurkitu izan dira, baina Altxerrin arrainen eta hegaztien margoak ere badaude. Horregatik, Altxerriri merezi duen inportantzia eman nahi izan diogu, eta Altxerriko haitzuloan hasten da jokoa". Iraganetik gaur eguneraino bidaia egiten du Aiako Ardi Jolasak, Aiako historian barrena. 

Horrez gain, Aiako Ardi Jolasean toki berezia dute herriko auzoek ere. "Izan ere, Aia ezin da ulertu auzorik gabe, eta auzo bakoitza jolasean irudikatuta egotea nahi izan dugu", azaldu du Nekane Arrizabalaga alkateak.

Talde lana 
Aiako Ardi Jolasa talde lanean sortu dute, eta alkateak berak ere parte hartu du jokoa sortu eta diseinatu duen lan taldean. "Ordu asko eskaini dizkiogu proiektuari, baina emaitza ederra izan da. Herrian bagenuen zaharkituta zegoen haur parke bat, eta eremu horretarako lurreko joko erraldoia egitea pentsatu genuen. Ideia desberdinak botatzen hasi ginen, eta kaskoa eta auzoak bilduko zituen jolasa sortzea pentsatu genuen". Haritik tiraka hasi, ideia landu eta Aiako Ardi Jolasa sortu zuten.

Aiako Ardi Jolasa 12 eurotan dago salgai Aiako Kultur Etxean.

 

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide