'Izeta IV.a' Gabonetako Harri-jasotze Kopako finalaurrekoan izango da

Karkara 2018ko abe. 5a, 14:30

Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a. (Uztarria)

Aste honetan izango dira txapelketako lehen bi finalaurrekoak, Azkoitian eta Aizarnazabalen. Azken finalaurrekoan, Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarrak Iñigo Eizagirre zarauztarrarekin neurtuko ditu indarrak, Otxandion.

Urrezko Aizkolari Kopa eta Gabonetako Harri-jasotze Kopa aurrera doaz, eta zenbait hitzordu iragarri dituzte datozen egunetarako. Bihar, abenduak 6, Urrezko Aizkolari Kopako kanporaketa faseko azken saioa izango da, Azkoitiako Gurea pilotalekuan. Abenduaren 9an, igandea, txapelketako bigarren finalaurrekoa jokatuko dute Aizarnazabalen, eta abenduaren 16an, berriz, hirugarren finalaurrekoa izango da.

Gabonetako Harri-jasotze Kopari dagokionez, bihar izango da aurreneko finalaurrekoa; Inhar Urruzunok eta Jon Gisasola Zelai IV.a lehiatuko dira, Azkoitian. Bigarren finalaurrekoa, berriz, igandean jokatuko dute, Aizarnazabalen. Xabier Peñagarikaño Peña etxeko harri-jasotzaileak Imanol Albizu Goikoetxerekin neurtuko ditu indarrak. Azken finalaurrekoa Otxandion antolatu dute, abenduaren 16an, eta bertan izango da Hodei Iruretagoiena Izeta IV.a aiarra. Iñigo Eizagirre Eiza zarauztarraren aurka arituko da.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide