Datorren astean zabalduko dituzte Aiako igerilekuak, ohiko data aurreratuz

Karkara 2018ko mai. 24a, 16:50

Egunero izango dira zabalik, goizeko 11:00etatik 20:00etara, irailaren 2ra arte. Uda osorako bonoak eta familientzako bono bereziak jarri dituzte. Igerilekuarekin batera, taberna zerbitzua eskainiko dute.

Ekainaren erdialdean zabaldu ohi dituzte urtero Aiako udal igerilekuak. Aurten, ordea, aurreratu egin dute irekiera. Datorren astean zabalduko dituzte, eta irailaren 2ra bitartean izango dira zabalik. 11:00etatik 20:00etara bitartean erabili daitezke igerilekuak, eta hemezortzi urte bitartekoek lau euro ordainduko dute; gainontzekoek, berriz, bost eurotan izango dute sarrera. Era berean, 17:00etatik aurrera joaten diren guztiek bi euroren truke sartu ahal izango dute.

Udalak igerilekua zabalik dagoen bitartean erabili daitezkeen bonoak jarri ditu. Herrian erroldatuta ez dauden 18 urte bitartekoek 20 eurotan izango dute hilabeteko bonoa; hemezortzi urtetik gorakoek, berriz, 40 euro ordainduko dute.

Bestetik, bono familiarrak ere eskuratu ahal izango dira.  Bi kideko familien kasuetan %20koa izango da deskontua, eta hiru kidetik gorako familietan, aldiz, %25a deskontatuko dute. Igerilekuaz gain, taberna zerbitzua ere jarriko dute egunero, goizeko 11:00etatik aurrera.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide