Landareak maite dituztenentzat paradisu txiki bat da Landare Berezien Azoka. Aurten hamaseigarren urtez antolatu dute Iturraran lorategi botanikoan, eta goizean ateak zabaldu dituenetik jendea sartu eta sartu ibili da. Hizkuntza asko entzun daitezke bai mintegien jabeen artean, bai bisitarien artean ere. Esaterako, Asturiastik iritsi da familia bat haur eta guzti. “Hirugarren urtez etorri gara, hau zoragarria delako. Iturraranek berak altxor asko ditu, klima ere berezia da hemen, eta esaterako, hemen dauden pago espezieak ikusgarriak dira”.
Kanpokoak alde batera utzita, aiarrik ere ez da falta azokan. Boluntario lanetan dabiltza batzuk, esaterako, Marta Pineda. Jatorriz andaluziara, hamarkada bat darama Aian bizitzen, eta gaur Malagako mintegi batean dabil, laguntzaile modura.
Pintxo eta talo txosnan ere, aiarrak lan eta lan. “Urtero, lortzen den dirua proiektu zehatz bati ematen zaio. Aurten, esaterako, abuztuaren 4ko Gazte Eguna antolatzeko izango da”, azaldu dute. Gazte eta erretiratu, denak dabiltza lanean.