Udan naturaz gozatzeko aukera, Aian

Karkara 2017ko abu. 1a, 15:50

Agorregi burdinola

Iturraran parketxeak uda sasoirako jarduerak eta bisita gidatuak antolatu ditu, natur eta kultur ondarea ezagutzeko

Uda sasoian murgilduta dago Aiako Iturraran parketxea, eta hainbat jarduera antolatu dituzte hurrengo hilbateetan bertako natur eta kultur ondarean murgiltzeko. Besteak beste, Iturraran parketxeko erlategiak ezagutzeko aukera izango da. Asteburu eta jaiegun guztietan erakustaldi gidatuak egingo dituzte erlauntzetara. Herritarrek abaraskak bisitatzeko aukera izango dute, eta bertan arrautzak, larbak eta erle langileak ikusiko dituzte, baita polen mordoa ere, jaiotze bidean dauden larbei emateko.

Adin guztietako herritarrei zuzenduak daude bisita gidatuak eta erleen mundua ezagutzera animatu dituzte bisitariak Iturraran parketxera. 13:00etan abiatuko dituzte bisitak eta ordubeteko iraupena izango dute. Bisitaren prezioa 3 eurokoa da helduentzat, eta 2 eurokoa haurrentzat; 8 eta 50 pertsona bitarteko taldeetan egingo dira.


Agorregi burdinola
Agorregi burdinola ezagutzeko bisitak ere egingo dituzte udan zehar Pagoetako Natur Parkean. «Euskal Herrian Erdi Aroaz geroztik erabili izan da ura energia sortzeko. Agirietan jasota dagoenez, garai hartakoa da Agorregi burdinola, Laurgaingo jaurerrikoa. Burdinola nagusia zen hau eta bertan burdina lortzen zen, gero burdinola txikietara eraman eta horietan lantzeko», azaldu dute Iturraran parketxetik.

Adituen esanetan, Agorregiren berezitasuna uraren aprobetxamendurako sistema da. «XVIII. mendean egindako zaharberritze lanetan antepara edo ur-deposituak altuera ezberdinetan mailakatu zituzten, ur berdina behin eta berriz erabiltzeko aukera lortuz eta ur arazoak konponduz». Uztailean eta irailean, larunbat, igande eta jaiegunetan izango da irekita burdinola; abuztuan, berriz, ostegunetik igandera zabalduko dute: 11:00etatik 13:00etara bitarteko ordutegiarekin. Burdinolako bisita gidatuak 11:30ean izaten direnez, horren arabera jarriko dituzte martxan errotak eta burdinola.

Horrez gain, Iturraran XVIII. mendeko jatorrizko egurrezko egitura mantentzen duen baserria eta lorategi botanikoa ezagutzeko aukera ere izango da udan zehar. Eta, abuztuaren 5, 12 eta 19rako talo tailerrak antolatu dituzte parketxean.

Iturraran parketxeak antolatzen dituen jardueretan eta bisita gidatuetan parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharra daukate 943-83 53 89 telefono zenbakira deituta edo iturraran@gipuzkoamendizmendi.net helbide elektronikora idatzita.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide