Zalakain: "Etxetik mugitu gabe, Afrikara bidaiatzeko aukera polita da topaketa"

Aiora LarraƱaga Solaberrieta 2017ko uzt. 14a, 16:35

Kawadeni elkarteko kideak saioa eskaintzen. (Kawadeni)

Larunbat gauean kontzertu irekia egingo dute Zingira Kanpinean, eta herritarrak bertan parte hartzera gonbidatu dituzte antolatzaileek.

LURGI ZALAKAIN – Dantza afrikarren dantzaria

Kawadeni elkarteak antolatuta, dantza eta perkusio afrikarren topaketa egingo dute asteburuan, Aiako Zingira Kanpinean. Goi mailako irakasleek tailerrak eskainiko dituzte hiru egunetako jardunaldian: Mataly Beavogui dantzariak, Babara Bangoura djembe-jotzaileak eta Alpha Toure dundun-jotzaileak. Horrez gain, larunbat gauean kontzertu irekia egingo dute Zingira Kanpinean; musika eta dantza afrikarraz gozatu nahi dutenak saiora gonbidatu dituzte Kawadeni elkarteko kideek. Lurgi Zalakain antolatzaileak ekimenaren nondik norakoak azaldu ditu.

Nola sortu zitzaizuen dantza eta perkusio afrikarren topaketa antolatzeko ideia?
Pentsatu genuen polita izan litekeela dantza eta perkusio afrikarren munduan gabiltzanok asteburu batean biltzea. Bihar eta etzi ikastaroak eskainiko ditugu, eta gauerako afaria eta dantza eta perkusio saio ireki bat antolatu ditugu. Bertan, topaketako kideek eta herritarrek parte hartu dezakete. Giro polita sortzea espero dugu, eta inguruko herritarrak iluntzeko saioan parte hartzera gonbidatu nahi ditugu.

Harrera ona izaten al dute euskaldunen artean dantza eta perkusio afrikarrek?
Bai, Euskal Herrian gero eta ezagunagoa da dantza eta musika afrikarra. Azken hamar urteetan asko zabaldu da mugimendua.

Mugimendu horren barruan Kawadeni elkartea sortu duzue.
Bai, ikuskizuna eta kontzertua eskaintzeko gero eta gehiago deitzen digute, eta ikastetxeetan ere tailerrak ematen ditugu. Horregatik, interesgarria iruditu zitzaigun gure lana ezagutarazteko elkartea sortzea.

Horrelako jardunaldiek kultur arteko harremana sendotzeko balio al dute?
Bai, Afrikaren inguruan ditugun aurreiritziak gainditzeko modu bat da. Etxetik mugitu gabe, Afrikara bidaiatzeko aukera polita da, musika eta dantza Afrikako kulturaren zati garrantzitsua baitira.

Afrikarrek modu berezi batean bizi al dituzte musika eta dantza?
Beren musikak eta dantzak egunerokoan oinarrituta sortzen dituzte. Beren musika eta dantza ulertzen badugu, beren bizimodua eta mundu ikuskera ulertu dezakegu.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide