Aiako Testatze Zentroa handitu du Gipuzkoako Foru Aldundiak

Karkara 2017ko eka. 15a, 17:00

Aiako alkate Nekane Arrizabalaga eta Gipuzkoako Foru Aldundiko, EAEko, Nafarroako ordezkariak Aiako Testatze Zentroan. (Gipuzkoako Foru Aldundian)

Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez, Aiako zentroa erreferentea da haragitarako behien hobekuntza genetiko eta sanitarioaren arloan.

Aian izan dira gaur Markel Olano diputatu nagusia, Aiako alkate Nekane Arrizabalaga eta Euskal Autonomia Erkidegoko eta Nafarroako hainbat ordezkari politiko, Gipuzkoako haragi sektoreko kideekin batera. Bisita gidatua egin dute Gipuzkoako Foru Aldundiak bertan duen Testatze Zentroan barrena. Izan ere, Gipuzkoako Foru Aldunditik azaldu dutenez, Aiako zentroa erreferentea da haragitarako behien hobekuntza genetiko eta sanitarioaren arloan. Horregatik, aldundiak hirukoiztu egin du azpiegituraren tamaina; 600 metro koadro izatetik, 2.200 metro koadro izatera pasa da.

Handitze lanen barruan, berrogeialdirako ukuilu berri bat eraiki dute, iristen diren animalientzat. Bestetik, lehendik zegoen pabiloia handitu dute, animaliak ongizate, erabilera eta produktibitate baldintza onenetan testatu ahal izateko. Eta azkenik, diziplina anitzeko enkante gune bat eraiki da, abeltzainek bilerak egiteko, prestakuntza ekintzetarako, eta testatze zentroan testatu diren abereen enkanteak egiteko.

Ikerketa
Gipuzkoako behien genetikan bikaintasuna lortzeko bidean, haragitarako beste arrazak ere ikertu behar dituzte, eta horregatik azpiegitura egokitu eta handitu dute. Eraikin berriekin haragitarako behien arrazak aztertzeko zentro bilakatuko da Aiakoa: Pirenaika, Limusin, Akitaniako Blonda eta Txaroles arrazak, hain zuzen ere.

Markel Olano ahaldun nagusiak bisitan azaldu duenez, Gipuzkoako Foru Aldundia, historikoki, gogoz eta arretaz jardun da abeltzaintzan hobekuntzak sartzearen alde. Abeltzainen modernizazioa sustatu dugu, eta gure helburua da haien jarduera errentagarria izatea, lehen sektorea jarduera ekonomiko erakargarria izan dadin gazteentzat. Bide horretan sortu zuten Aiako Testatze Zentroa, Estatu mailako erreferentziazko zentro izan eta abeltzain guztiei berme sanitario eta genetikoa eskaintzeko.

Haragi sektoreak bultzada
Gipuzkoako Foru Aldundiak uste du haragi sektoreak bultzada berri bat behar duela, etorkizuneko erronkei aurre egin ahal izateko: Elikagaien segurtasuna, animalien ongizatea, gizartean eskari handia duten kalitatezko markak (Euskal Okela), edo lankidetza hitzarmenak banatzaileekin. Uste dute azpiegitura berriari esker errazago erantzungo zaiela abeltzainen beharrei.

Orio Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide